Emakume Master Cupeko San Fermin Torneoko finalerdiak jokatuko dituzte igandean Donezteben

Ttipi-Ttapa 2026ko ekainaren 26a

Goiuri Zabaleta leitzarrak eta Erasunek garaipena behar dute gaur Zizurkilen, igandean Donezteben jokatuko diren finalerdietan izan nahi badute.

Gauza gutti daude pilotari batentzat bereziagoak sanferminetan Labriten partida bat jokatzea baino. Emakume Master Cup Zirkuituko aurtengo San Fermin Torneoan aritu diren bikoterik onenek hurbil ikusten dute aukera paregabe hori, baina esperientzia zoragarri horretaz gozatu ahal izateko oraindik lan zaila dute aitzinetik. Aldai-Bergara eta Zabaleta-Erasunen kasuan, gainera, igandeko Doneztebeko finalerdien aitzinetik, bertze partida bat jokatu eta irabazi beharko dute, ortziralean 19:00etan hasita, Zizurkilen.

Hiru bikote jakinak dira eta gaur Zizurkilen jokatuko den partidan (Aldai eta Bergara, Goiuri Zabaleta leitzarraren eta Erasunen kontra) erabakiko da azken bikotea

Bero sapak pilotarien eta ikusleen osasunean izan zezakeen arriskuaren aurrean, antolatzaileek bertan behera utzi zuten bi bikote hauek igandean jokatu behar zuten ligaxkako azken jardunaldiko partida eta, eguraldia lagun, gaur jokatuko dute multzoko bigarren postua erabakiko duen lehia Zizurkilen. Zenbakiak argiak dira eta 22ra heltzen den bikoteak A multzoko bigarren postuan amaituko du, Arrizabalaga eta Nahia Bertiz sunbildarraren gibeletik. 

Finalerdiak igandean 18:00etan Donezteben

Honek, ekainaren 28ko Doneztebeko finalerdia B multzoan onenak izan diren Etxegarai-Gaminderen aurka jokatzera eramanen du Zizurkileko bikote irabazlea. Bertze finalerdian, Arrizabalagak eta Nahia Bertiz sunbildarrak eta Salsamendiren eta Mendizabalen kontra jokatuko dute. Igandean 18:00etan hasiko da jaialdia Doneztebeko Ezkurra pilotalekuan. Jokoan horrenbertze dagoenez, ziur pilotariek euren onena emanen dutela Labriten jokatu ahal izateko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun