Bestak 2026

[ARGAZKIAK] Aro gaitzarekin joan dira Saldiasko sanjoan bestak

Ttipi-Ttapa 2026ko ekainaren 25a

Eguzki galdatan eman ditugu egun guziak inguruko herri guzietan bezala.

Testua: Markel Lizasoain. Argazkiak: Ahinitz Gerrikagoitia eta utzitakoak. 

Ordu aldaketa eta gorabehera asko izandu dituzte aurtengo jaiek bere sargorian, eta urezko zezenak adarkada ederrak eman ditu jendearen elastikoetan.

Erreka Ttiki dantzari taldea

Erreka Ttiki dantzari taldea izan genuen plazan larunbatean, jantzi apainak soinean, eta dantza erakustaldi zinetan ederrak egin zituzten adin askotakoak batera arituta.

Herri bazkaria bingo musikatuarekin

150 lagunen bueltan elkartu ginen plazan, eta, bazkarikoak akitu ondotik, Migel Angel Agerralde jarri zen soinuan ekintza betean: 75 kantuko zerrenda batetik segundo batzuk joz asmatu behar zuen jendeak boletoko zein zenbaki urratu.

Trikidantz plazan

Trikidantzen erritmo alaiarekin jendea aise ateratzen da plazara dantzara, eta herriko ikur den pieza hainen maiz joz gero, are eta aiseago. Musikariak oholtzatik plazara jauzi egiten duenekoak ere ez du meritu makala. Horreri eta uraskari eskerrak, ekiak ere ez zituen eraitsi dantzazaleak.

Plaza Zaharrak bizirik

Argisoinuekin ernatu zen herria igandean, eta karrikarako prestamenak egin ondotik, frontoian bildu zen ekimen berria zer ote zen ikustera. Herriko Joseba Zestau eta Etxalarko Jon Lazkanotegi gaztetxoak aritu ziren Aitor Alduntzin indarsuarekin eta Oinatz Bengoetxea apartarekin konbinatuta, eta trikitilarien eta bertsolarien laguntzarekin partida erakustaldia egin zuten ikuslearen libertimendurako, gazteen ausardia eta manerak guziz aipagarriak. Aurretik herriko haurrak aritu ziren, eta herri pilotazale honen esperantzak hauspotu zituzten.

Gabirondo eta Zaldua

Ordua beroagatik atzeraturik, aizkoldari-segalarien desafioa hasi aurrekoa beroketak ezik nagi-ateraketak izandu ziren, Gabirondoren hozteko txaleko eta guzi. Epika handiko lehia izandu zen: aizkorako lanak paretsuan joanik, azkenaldera Gabirondo aurreratu zen egur lanean, eta, hondarreko epaia emanda, Lazarre aurreko askan sartu zen osorik sorora sartu aurretik. Hala, bigarren urtez irabazi du segalariak Saldiasko aizkora-sega desafioa (iaz Basozabali). Komunikabide nazionaletakoren bat ere izandu zen berriak hartzen gero parteetan emateko.

Tortilla lehiaketa 'gerrenean plat'

«Lehiaketa» jolasak ez dakar preziso hersturarik berekin, eta hori da hemengo tortilla lehiaketaren kasua, jateko beste aitzakia bat, besterik ez. Aurtengo berritasuna ziriekin egindako gerrenena izandu da, tortillari laguntzeko pintxoak horrela gorrituta.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun