Urnietarrak eta goizuetarrak Ezkurra II.a eta Azpiroz garaitu dituzte hiru jokotan (15-8, 14-15 eta 3-8), Galarreta pilotalekuan
Ansak eta Zubirik hasiera ona eman zioten asteleheneko norgehiagokari. Hala ere, markagailuan ez zuten alde handirik lortu. Azpirozek motzegi ateratako lehen sakeetako batek 1-3koa suposatu zuen. Lehen berdinketa launa izan zen. Seinako berdinketa aurtengo txapelketako tantorik onenetako bat izan zen. Atsedenaldira, gauzak estu, baina aitzinetik joan ziren Ezkurra II.a eta Azpiroz (8-6).
Kantxara bueltan, Ansak bi paretako dotorea egin zuen, eta segidan Bereziartua sagardotegiko erremontistek jokoa berriro berdindu zuten (8-8). Aburuzako ordezkariek ez zuten etsi, eta Josetxo Ezkurraren bi pareta on batek 9-8koa jarri zuen. Jokoaren azken txanpa Urnietako aurrelariaren hanka-sartzeek erabaki zuten. Ansa presaka ibili zen tantoa azkarregi bukatu nahian, eta akats argiak egin zituen. Azpirozek sakez lehenbiziko tantoa egin eta, ondotik, 15. tantora joan zen bikote nafarra (15-8).
Bigarren jokoa oso gorabeheratsua izan zuen. Bereziartua sagardotegiko bikotea berriz ere aitzinetik hasi zen, baina berriro hutsegiteak etorri ziren. Jokoko lehen berdinketa hiruna izan zen, eta Ansak errestoan 3-4ko jarri zuen. Imanolek berak hutsa egin zuen hurrengo tantoan, eta bere bi paretakoa zuzenean kanpora joan zen. Gainera, zoritxarrez pilotak Arrillaga aurreko epailea jo zuen. Aritz Juaneneak hartu behar izan zuen haren lekua. Ezkurrak eta Azpirozek atsedenaldira markagailuan aurretik joatea lortu zuten (8-7).
Kantxara bueltan, tanto onak eta bi bikoteen opariak uztartu ziren. Gauzak estu zirela heldu ziren jokoaren azken txanpara. Aburuzako erremontistek akats larriak egin zituzten, eta larrutik ordaindu zuten gero. Azken tantora berdinduta iritsi ziren (14-14), eta azken tanto hori Ansak eta Zubirik lortu zuten, hirugarren jokoa behartuz (14-15).
Une erabakigarrian Bereziartuko bi erremontistak askatu egin ziren. Hirugarren jokoan partidako Ansarik onena azaldu zen, Zubiri sendo batek lagunduta, 1-6 aurrea hartu dute markagailuan. Neurketaren lehen erdian nagusi izan ondotik, zalantzak agertu zitzaizkien Ezkurrari eta Azpirozi, eta larrutik ordaindu zuten. Azkenean 3-8 nagusitu zen Bereziartua sagardotegiko bikotea. Datorren asteleheneko finalean Aldabe eta Barrenetxearen aurka neurtuko dituzte indarrak.