Uterga eta Otxandorena aurrez aurre izanen dira Udaberriko erremonte txapelketaren Doneztebeko finalean

Ttipi-Ttapa 2026ko ekainaren 22a

Uterga eta Agirrezabala Azkoienen eta Barricart eta Otxandorena Burlatan jokatutako finalerdien ondotik. Larunbatean Donezteben aurrez aurre izanen dira bi bikoteak Doneztebeko finalean.

Xanti Uterga doneztebarrak eta Agirrezabak, Eloi Otxandorena doneztebarraren eta Barricarten kontra jokatuko dute Udaberriko Erremonte Profesionaleko Txapelketaren finala ekainaren 27an, larunbatean Donezteben. Lehenbizkoek 35-28 irabazi zieten ortziralean Zeberio II.ari eta David Mitxeo doneztebarrari, Azkoienen jokatutako finalerdian. Bigarrenek, berriz, 35-26 irabazi zieten larunbatean Burlatan Matxin III.ari eta Otanori.

 

Agirrezabala eta Barricart bizkartzain zituztela, menpean hartu zituzten Zeberio II.a-Mitxeo eta Matxin III.a-Olano finalerdietan

Azkoiengo jaialdiko lehen partidan, Jon Sagaseta iruritarrak eta Markel Leatxe donamariarrak 30-24 irabazi zieten Mikel Mikelarena eta Xuban Ilarregi oiztarrei.

Txapelketako partida ere aski berdindua izan zen, 25-25 berdinketara bitarte, baina azken txanpan hobe moldatu ziren Uterga eta Agirrezabala.

Burlatako jaialdiko lehen partidan, ortziralean bezala, Jon Sagaseta iruritarrak garaipena lortu zuen, oraingoan Baztanekin batera, Osesi eta Ioni 30-26 irabazita. Sagasetak indartsu dagoela erakutsi zuen eta partida nagusietako atea gero eta indartsuago jotzen ari da.

Txapelketako partidan, berriz, Otxandorena eta Barricart hasieratik bukaerara nagusitu ziren. Aurrelari doneztebarra sasoi betean dago eta partida bikaina jokatu zuen.

Doneztebeko Ezkurra pilotalekuan ekainaren 27an, larunbatean 18:00etan hasita jokatuko den finalean, beraz, lehia estua espero dute aitzineko koadroetan herriko bi aurrelarien artean, Utergaren eta Otxandorenaren artean. Gainera, finalaren aitzinetik omenaldia eskainiko zaie Errekako gizonezkoen eta emakumeen eskubaloi taldeei eta Doneztebe Futbol taldeari, aurten lortutako garaipen ikusgarriak gogoratuz.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun