BIOK taldeak «euskal kirolarekiko duen konpromisoa» indartu nahi izan du, eta pilota profesionaleko jaialdia antolatu du bigarren aldiz Pelota Pro Ligarekin batera. Gaur, ekainaren 19an, Luzaideko Arretxe pilotalekuan 20:45ean izanen da jaialdia. «Maila goreneko pilota herritarrengana, zaleengana eta bisitariengana hurbiltzea» da ekimenaren helburua, «eskualdeko bizitza sozial eta kulturala dinamizatuz».
Egungo pilotari profesional garrantzitsuenetakoak lehiatuko dira jaialdian. Lehenbiziko partida nagusian Ezkurdia eta Rezusta arituko dira Altuna III. eta Martijaren kontra. Ondotik, San Fermin Lau eta Erdiko Txapelketako partida jokatuko dute Dariok eta Alberdi II.ak.
Sarrerak aitzinetik erosten ahal dira BIOK Outdoors Luzaideko eta Dantxarineko establezimenduetan eta antolakuntzak gaitutako salmenta kanalen bidez.
Taldeak adierazi duenez, «pilota gure herriaren nortasunaren parte da. Belaunaldiz belaunaldi transmititu den kirola da, gure pilotalekuak bete dituena eta gure herrietan oroitzapen ahaztezinak sortu dituena. Horregatik, BIOK Taldeak tradizio hori bizirik mantentzeko eta belaunaldi berriei transmititzeko lanean jarraituko du. Kirolaren aldeko apustua babesletzatik harago doa. Ahalegina, gainditzeko grina, errespetua, talde lana, sustraiak eta lurraldearekiko konpromisoa bezalako balioak sustatzeko modu bat da».