Euskara sustatzeko hitzarmena sinatu dute Euskarabideak eta Baztan-Bidasoko hiru zahar etxeek

Ttipi-Ttapa 2026ko ekainaren 17a

Agurtzane Obregozo, Angela Nagore, Fernando Anbustegi, Javier Arakama, Laura Apeztegia, Ladis Satrustegi eta Aitor Elexpuru, Andra Mari Zahar Etxearen atarian.

Euskarabidea - Euskararen Nafar Institutuaren eta Baztan-Bidasoko hiru zahar etxeen arteko hitzarmenen sinadura ekitaldia egin dute Lesakan gaur goizean. Hitzarmenen helburua Euskarabidearen eta aipatu hiru erakunderen arteko lankidetzaren oinarri orokorrak ezartzea da, 2026an zahar etxe horietan hizkuntza plana egiteko eta ezartzeko.

Lesakan egin dute ekitaldia, Baztan, Bera eta Lesakako alkate eta zahar etxeetako zuzendariekin

Nafarroako Gobernuaren izenean, Euskarabidea - Euskararen Nafar Institutuaren Zuzendari Kudeatzailea Javier Arakama Urtiaga izan da ekitaldian eta, berekin batera, Ladis Satrustegi Lesakako alkatea, Aitor Elexpuru Berako alkatea, Fernando Anbustegi Baztango alkatea, Laura Apeztegia, Lesakako Andra Mari egoitzako zuzendaria, Agurtzane Obregozo Berako San Jose egoitzako zuzendaria eta Angela Nagore, Elizondoko egoitzako zuzendaria.

Hitzarmenen helburua Euskarabidearen eta aipatu hiru erakunderen arteko lankidetzaren oinarri orokorrak ezartzea da, 2026an zahar etxe horietan hizkuntza plana egiteko eta ezartzeko.

«Oso pozgarria da lankidetza hitzarmen horiek aurkeztea, teknikoki luze landu baitira. 2025ean, hiru udalerrietako alkateak eta egoitzetako arduradunak Euskarabideara etorri ziren egoiliarren hizkuntza-eskubideak bermatzeko laguntza eske. Une horretatik aurrera, egoera aztertu, diagnostikoak egin, beharrak identifikatu eta euskarazko zerbitzua bermatzeko neurriak proposatu ziren, hau da, egoitzetako adinekoen hizkuntza eskubideak», azaldu du Javier Arakamak.

Era berean, Euskarabideko zuzendari kudeatzaileak zaintza-lanetan komunikazioa ezinbesteko elementua dela azpimarratu du, eta, beraz, zainketetan erabiltzen den hizkuntza zerbitzu publikoaren kalitatearen berariazko osagaia dela, zerbitzu on bat ematetik bereiztezina dela hain zuzen ere. 

 

Egoiliarren hizkuntza eskubideak bermatzea

«Nafarroako herritar euskaldunen hizkuntza eskubideen bermean aurrera egitea erakunde publikoen betebeharra da –jarraitu du Arakamak–. Euskararen Foru Legetik eratorritako agindua da, hitzarmen hauen xede diren egoitzak dauden eremuan (Baztan, Bera eta Lesaka) hizkuntza honen ofizialtasuna aitortzen duena».

Gogoan izan behar da gizarte-zerbitzu horietan euskarazko arreta bermatzea Estatuak Eskualdeetako eta Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutuna berresteko hartutako konpromisoa dela. «Hain zuzen ere, nazioarteko itun honen ezarpenaren jarraipen eta ebaluazio prozesuan, 2026ko maiatzean argitaratutako berehalako ekintzarako gomendioen txostenak azpimarratzen du, Nafarroaren kasuan, gizarte eta osasun arreta zentroetan euskararen erabilera bermatzeko neurriak hartu behar direla», adierazi du Arakamak.

Lankidetzarako oinarri orokorrak

Hitzarmenek Euskarabidearen eta aipatutako hiru erakundeen arteko lankidetzaren oinarri orokorrak ezartzen dituzte. Erakunde horiek 4.000 euroko aurrekontua izango dute, hurrenez hurren, zentro horietan 2026an hizkuntza-plana burutu eta ezartzeko.

Gogoan izan behar da, alde batetik, Andra Mari Egoitza Lesakako Udalaren erakunde autonomoa dela, eta mendekotasunik ez duten adinekoei arreta emateko zerbitzu publikoa ematen duela. Bestalde, Berako San Jose Ospitale Asilo Fundazioa irabazi asmorik gabeko erakunde pribatua da, Lares Navarra-Nafarroako kidea, eta mendekotasunik gabeko 65 urtetik gorako pertsonak zaintzen ditu. Azkenik, Zaintza Lanak SLU Baztango Udalaren erakunde instrumental bat da, Elizondoko Francisco Joaquin Iriarte egoitzaren zuzeneko kudeaketa esleitua duena, eta adinekoentzako egoitza-zerbitzua eta eguneko egonaldiak ematen dituena.

Hitzarmenen bidez finantzatuko diren jarduerak kasuan kasuko hizkuntza plana egiteko eta ezartzeko izango dira. Zehazki, hizkuntza-paisaia euskaratzea, ikastetxeetako langileentzako euskara-ikastaroak, eta euskarazko kultura- eta sentsibilizazio-ekintzak. Jarduera hauek Bortzirietako Euskara Zerbitzuarekin edo Baztango Udaleko Euskara Zerbitzuarekin batera koordinatuko dira.

«Langilee euskalduntze beharra gero eta nabarmenagoa»

Ladis Satrustegi, Lesakako alkateak aipatu duenez, «Baztan-Bidasoko egoitzek bertako egoiliar eta herritarrei euskarazko zerbitzua bermatu nahi diete. Azken urteotan langileen euskalduntze beharra gero eta nabarmenagoa bilakatu da eta kezka horrek bultzatuta Baztan-Bidasoko hiru egoitzetako arduradunak elkartzen hasi ginen 2024an; orduan erabaki genuen gaia eskualde osoaren ikuspegitik lantzea eta Euskarabideari elkarlan eskaera egitea. Zaharren egoitzetako langileak euskalduntzeko aukerak aztertu ondotik, gaur sinatu berri dugun hitzarmena tresna emankorra izaten ahal zela ikusi genuen. Asmoa da zenbait urtetako bide bati hasiera ematea eta horretarako euskara planak abiatuko ditugu hiru egoitzetan. Baztango eta Bortzirietako euskara zerbitzuek aholkularitza eta laguntza eskainiko dizkiete egoitzei. Dagoeneko hasiak gara diagnostikoekin eta zenbait ekintza egin ditugu, hitzarmen honen bidez finantzatuko direnak». Lesakako kasuan, «segurtasun errotulazioa euskalduntzeko eta langileentzako ikastaroa antolatu asmo dugu udazkenean». Baztan-Bidasoko egoitzetan langileei euskara ikasteko erraztasunak eskaini nahi dizkiete, «eta neurri batean lan orduetan ikasteko modua izan dezatela nahi dugu. Kontuan izan gure plantillen herenak inguruk ez dakiela euskaraz eta erronka handia dugula, gurea bezalako eskualde euskaldun batean herritarrei euskarazko zerbitzua eta hizkuntza eskubideak bermatu nahi badizkiegu. Bide horretan, ezinbertzeko jotzen dugu Euskarabidearekiko elkarlana eta hitzarmenek datozen urteotan segida izatea, baita beharren araberako baliabideak bermatzea ere. Ziurrenik, euskara planek aitzinera egin ahala inbertsio handiagoa beharko dugu, heldu den urterako bederen ikusten ari gara behar handiagoa izanen dugula».

Aitor Elexpuru, Berako alkateak, bere aldetik, Berako San Jose egoitzan euskararen egoeraren inguruko diagnostikoa egiten ari direla adierazi du, «langileei galdeketa egin genien, aste honetan egoiliar eta senitartekoen erantzunak jaso ditugu. Horrez gain, 25 orduko oinarrizko euskara ikastaroa antolatu genuen martxoaren 11tik apirilaren 8ra. Zortzi langilek egin zuten ikastaroa eta balorazioa hagitz ona izan zen. IKA euskaltegiak eman zuen ikastaroa. Gure asmoa da udazkenetik aitzinera talde horrek segida izatea».

Fernando Anbustegi, Baztango alkatearen erranetan, «Elizondoko Zaintza Lanak Baztan egoitzako euskararen egoeraren diagnostikoan Baztango Udaleko Euskara Zerbitzua ari da lanean. Hemen ere, langileendako euskara ikastaroa antolatu dugu: Euskara 0 ikastaroa, apirilaren 17tik ekainaren 12ra. Baztango AEK euskaltegiak eman du ikastaroa eta 17 langile aritu dira euskara ikasten. Balorazioa arras ona da».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun