Ate joka dira Saldiasko sanjoanak eta horren bueltan, egitarau ederra prestatu du aurten ere Saldiasko Herriko Etxeak. Bost egunez izanen dituzte ekitaldiak, bi zatitan banatuta. Ostiral ilunabarrean botako duten suziriarekin emanen diete hasiera eta igandeko patata tortilla lehiaketarekin akituko dute aurreneko txanda. Astelehena atseden hartuta, asteartea eta asteazkena jai giroan pasatuko dituzte.
Ostirala, ekainak 19
20:00etan pestei hasiera emanen dien suziria botako dute, eta ondotik, zopak izanen dira Herriko Ostatuan. Afaria ere eginen dute, norberak berea eramanda (Mahaiak plazan izanen dira). 23:00etan dantzaldia plazan Ekiñe eta Irati trikitilariekin.
Larunbata, ekainak 20
10:00etan mus txapelketa. 11:00etan Erreka Ttiki dantza taldearen emanaldia. 14:00etan herri bazkaria Agerralderekin, eta ondotik, bingo musikatua. 19:00etan Trikidantz taldearen saioa. 00:00etatik aurrera Endara DJa.
Igandea, ekainak 21
09:00etan diana. 11:00etan herriko haurren arteko partida. 12:00etan Plaza Zaharrak Bizirik ekitaldia (trikitixa, bertsolariak eta pilota partida). 17:00etan sega eta aizkora apustua: Gabirondo eta Zaldua. 20:30ean patata tortilla lehiaketa.
Asteartea, ekainak 23
11:30ean Andoni magoaren DesOrekatua ikuskizuna plazan. 15:00etan puzgarriak. 20:00etan plazan prestatutako afaria. 22:30ean San Joan suak. 00:00etan su pesta.
Asteazkena, ekainak 24
09:00etan diana. 12:00etan meza. 13:00etan jaiak akitzeko zintzur bustitzea.