Euskal Jai Berri Erremonte Fundazioak antolatutako Udaberriko Erremonte Profesionaleko Txapelketa-Microlan Aerospace Sari Nagusiko finalerdiak jokatuko dituzte asteburu honetan. Irabazleek, ekainaren 27an Donezteben jokatuko den finalerako txartela eskuratuko dute.
Hilaren 19an, ortziralean, 19:00etan Azkoienen hasiko den jaialdian, ligaxkako lehenak izan diren Xanti Uterga doneztebarra eta Agirrezabala, laugarren izan diren Zeberio II.aren eta David Mitxeo doneztebarraren kontra ariko dira finalerako txartelaren bila.Aitzinetik, jaialdiko lehen partidan, Mikel Mikelarena eta Xuban Ilarregi oiztarrak, Jon Sagaseta iruritarraren eta Markel Leatxe donamariarraren kontra ariko dira.
Hilaren 20an, larunbatean, 18:00etan Burlatan hasiko den finalerdietako partidan, ligaxkan bigarren izan diren Matxin III.a eta Otano, hirugarren izan diren Eloi Otxandorena doneztebarraren eta Barricarten kontra ariko dira. Jaialdiko lehen partidan, Oses eta Ion, Jon Sagaseta iruritarraren eta Baztanen kontra ariko dira.