Erik Igoa etxalartarrak eta Mattin Leiza iturendarrak txapelak ekarri dituzte Naiarako pilota txapelketatik

Ttipi-Ttapa 2026ko ekainaren 16a

Gonzalez eta Erik Igoa etxalartarra txapeldun eta Lizarralde eta Eñaut Zubieta beratarra txapeldunorde, igandean Naiaran.

Igandean jokatu zituzten Reino de Nájera pilota txapelketa entzutetsuko bosgarren edizioko finalak Naiaran (Errioxa) eta eskualdeko lau pilotari izan ziren lehian. Horietatik bi txapelarekin bueltatu ziren eta bertze biak txapeldunorde izan ziren.

 

Aldiz, Eñaut Zubieta beratarra eta Julen Baleztena leitzarra txapeldunorde izan dira beraien kategoriatan

Hasteko, infantil mailako txapelketan, txapeletako bat Bortzirietara etorri behar zen bai ala bai. Azkenean, Erik Igoa etxalartarrak eta Unax Gonzalezek (Gazteleku) 18-12 irabazi zieten Lizarralderi (Ilunpe) eta Berako Eñaut Zubietari.

Kadete mailan ere txapela lortu zuen Mattin Leiza iturendarrak. Atarrabia Beti Onak taldeko Santesteban taldekidearekin batera 18-8 irabazi zieten Mantzizidorri (Lapke) eta Caballerori (Eple).

Promesa mailan, aldiz, txapelik gabe gelditu zen Aurrerako Julen Baleztena leitzarra. Gaztelekuko Segurolarekin batera, 13-22 galdu zuen Naiara bertako Paraguayo VII.aren eta Ormaetxearen kontra (Lapke).

Elite mailan, azkenik, San Cosmeko Gutierrezek eta Irurtzungo Arbizuk 22-13 irabazi zieten Fernandezi (San Cosme) eta Sotili (Larraun).

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun