Lehen jokoaren lehen bi herenak parekatuak izan ziren. Ansa eta Juanenea nabarmendu ziren lehen zati luze horretan, nor baino nor gehiago aritu ziren Urnietako aurrelaria eta Saldiaseko atzelaria. Ansak eta Zubirik atsedenaldira tanto bat aurretik joatea lortu zuten (7-8).
Jokoaren azken txanpan, ordea, Goikoetxeak eta Juaneneak zertxobait behera egin zuten. Ansak bereari eutsi zion, jokoari abiadura emanez, eta Zubirik zertxobait gehiago asmatu zuen sakean. Horri esker Bereziartua sagardotegiko ordezkariek zuloa egin zuten markagailuan, eta jokoa irabazi zuten (9-15).
Bigarren jokoan, estrategia aldaketa eta erreakzio baten beharrarekin kantxaratu zen Alorreneako bikotea. Juanenea txokotik sakatzen hasi zen, eta 4-0 aurretik jarri ziren aurretik. Lau eta hutsekoa Juaneneak berak errebesez txokotik txokora egindako tanto ikusgarria izan zen.
Alorreneako erremontistak 7-2 aurreratu ziren, eta atsedenaldira agintzen joango zirela zirudien. Baina orduan Ansak errestoan tanto bikaina egin zuen, eta Bereziartuako pilotarien susperraldia etorri zen. Markagailua erabat irauli eta atsedenaldira aurretik joan ziren (7-8). Kantxara bueltan joera ez zen aldatu, eta ia zuzenean joan ziren 15. tantora (8-15). Azken partziala 1-13koa izan zen garaileen alde. Aurrelari urnietarrak 17 tantorekin bukatu zuen neurketa.