«Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimendua erretiratuen pentsio duinak aldarrikatzetik haratago doan mugimendua» dela erranez hasi zuten atzoko elkarretaratzea pentsiodunek. «Euskal Herrian babes sozial, publikoaren eredu propio, solidario eta jasangarri bat eraikitzearen alde» ari direla erranez segitu zuten, «justizia sozialean, genero berdintasunean eta herritarren parte hartzean oinarritua, ikuspegi burujabe batetik». Eta horrekin batera, Guttieneko pentsioa=Guttieneko soldata aldarritik haratago, «bizikidetzako baloreak indartzeko mugimendua» dela azpimarratu zuten.
Inkesta
Joan den hilabetean banatutako inkestaren eskuorriez ere aritu ziren: «22 lagunek hartu zuten eskuorria, eta hamarrek bueltatu dute betea. Nafarroan, berriz, 136 lagunek bete dute». Iritziak bildu eta «planteamenduekin hobekiago asmatzeko» egin dute inkesta.
Osasun sistema
Gainerakoan, osasun arreta ere hartu zuten hizpide, «jendeak behar duen arretaren eta administrazioek antolatzen dutenaren artean arrakala handia» dagoela salatuz: «Osasunean ere, jendea erdigunean paratu beharrean, negozioa helburua duten lobbyen interesak nagusitzen dira». Horregatik, bertzeak bertze. «legeak eta baliabideen erabilpena egokitzeko eta lehen mailako arreta osatzeko eta egonkortzeko» beharra nabarmendu zuten. Gehiago ere bai: «Gabezien lerro luze bat zenbatzen segitzen ahal dugu». Elizondon eta Irunen egindako mobilizazioak gogoan, «jendea kezkaturik» dagoela aipatu zuten eta ekainaren 19an, Osasun publikoa defenda dezagun, gure osasunarekin negoziorik ez! lelopean Iruñean egitekoa manifestazioan parte hartzeko deia egin zuten. Argitu zutenez, Baztango Osasun Plataformak ere han parte hartuko du.
Palestina
Palestinaren askatasuna exijituz bukatu zuten atzoko elkarretaratzea: «Genozidioa stop, Israeli boikot». Eta bidenabar, Palestinaren aldeko elkartasun ekimenak txalotu zituzten: «fotilla, Sidenor eta CAF enpresek genozidioarekin kolaboratuz dituzten kontratuak alde batera utz ditzaten exijitzeko egin diren mobilizazioak, hurbileko instituzioek egindako interpelazioak...». Gisa berean, «plaza guzietan Palestina eta bertze herri guzien askatasuna eta errespetua oihukatzeko» deia egin zuten.
Uztailean eta abuztuan atseden hartuta, irailean eginen dute hurrengo elkarretaratzea.