Arangurenen, Arrigorriagan eta Antsoainen jokatutako hiru partiden ondotik, A multzoan Goiuri Zabaleta leitzarraren eta Erasunen eta Aldai-Bergararen artean egongo da bigarren txartela –Zizurkilen elkarren aurka jokatuko dute ekainaren 21ean eta irabazleak aurrera eginen du– eta B multzoan, aldiz, gauzak estuago daude. Partida bat geratzen da, hilaren 21ean Burlatan jokatuko dena eta dagoeneko sailkatuta dauden Etxegarai eta Gaminde, Ibarrolaren eta Capellanen kontra ariko dira. Hor erabakiko da beste sailkatua. Ibarrola-Capellan dira sailkapena euren esku dutenak, partida irabazita aurrera egingo lukete, bestela, Salsamendi-Mendizabal eta Sagardui-Arrillagarekin berdinduko lukete puntu bakarrarekin eta tantoen aldeak erabakiko luke.
Asteburuko partidei dagokionean, giro ederrean jokatu dira, frontoian jende dezente zela, baina partidek oreka pixka bat gehiago behar zuten jaialdiak borobilak irteteko.
Ortziralean jaialdi berezia Arangurenen
Arangurenen jokatutako B multzoko partidan, ordezko aritu zen Aldaik eta Capellanek 22-11 irabazi zieten Alize Sagardui goizuetarrari eta Mendizabali. Lehia, bereziki, aurreko koadroetan erabaki zen eta bertan Aldaik ez zion aukerarik eman Sagarduiri, zabalean bezala txokoan, bizkaitarrak tanto asko sartu zizkion nafarrari eta txapeldun gazteak tanto politen bat egin bazuen ere, ezin izan zuen bizkaitarraren oldarkortasunaren aurrean.
Gainera, atzean Andrea Capellan, azken boladan bezala, oso seguru aritu zen, ez zuen ezer oparitu eta pilotari indar handia eman zion, Mendizabal baino askoz sendoago arituz.
Mendizabal, Sagardui, Aldai eta Capellan, ortziralean Arangurenen. Gorriek garaipen argia lortu zuten.
Nabarmendu, gainera, ortziraleko jaialdi honetan omenaldi hunkigarri bat egin zitzaiela Juana Juandeaburre Maisterra, Maria Jesus Guembe Campos, Ludi Saragueta Erro eta Carmen Iribarren Arrese herriko palista ohiei.
Promesa mailako partidan, Sotilek eta Crespok 18-4 irabazi zieten Joana Iratzoki igantziarrari eta Gomezi.
Arrizabalaga eta Bertiz nagusi larunbatean Arrigorriagan
Arrigorriagako larunbateko partida ere erraz atera zuten aurrera Arrizabalagak eta Nahia Bertiz sunbildarrak. 22-9 irabazi zieten Ruiz de Infanteri eta Zabalari. Estatistikek ez dute beti gertatutako guztia azaltzen, baina kasu honetan aurrelari gernikarrak Irati Zabalari sakez egindako tantoek erabat argitzen dute kantxan gertatutakoa.
Promesa mailako partidan, Garazi Imaz leitzarrak eta Berasaluzek 18-11 irabazi zieten Iparragirreri eta Benitori.
Igandean Antsoainen Etxegarai eta Gaminde nagusi
Eta igandean Antsoainen ere garaipen nabarmena lortu zuten Etxegarai-Gamindek Salsamendi-Mendizabalen aurrean, kasu honetan ere emaitza berarekin (22-9).
Promesa mailan, Joana Iratzoki igantziarrak eta Sotilek 18-12 irabazi zieten Ainize Martinez lesakarrari eta Perezi.

Lehen postuak argitu badira ere, emozioa goi-goian dago eta datorren igandean azken partidako azken tantora arte esperatu beharko da ekainaren 28ko Sestaoko finalerdietan arituko diren lau bikoteen izenak ezagutzeko.