Larunbatean, 11:30 zirenean, Berako Ekhiñe Zapiain Arlegi eta Leitzako Eki Mateorena Zozaia gai jartzaileen gibeletik sartu ziren hamahiru bertsolariak Arantzako frontoira, zozketak hala erabakitako ordenan: Kattin Madariaga Apaolaza (Arantza, 2008), Jon Abasolo Sarralde (Munitibar, 2009), June Astegieta Unzaga (Trebiñu, 2008), Maia Ortiz de Zarate Idiakez (Gasteiz, 2008), Adei Urbitarte Ayestaran (Zarautz, 2008), Kattalin Arabolaza Palomo (Oiartzun, 2009), Nahia Etxeberri Lopepe (Ainiza Monjolose, 2008) Iradi Barrenetxea Akesolo (Artea, 2009), Gana Berhokoirigoin Zubeldia (Gamarte, 2011), Johane Larre Salaberri (Baiona, 2008), Unax Aizpurua Ibargarai (Sara, 2009), Kattalin Lizarraga Mendia leitzarra (Leitza, 2008) eta Leina Alkhat Larrandaburu (Etxebarre, 2011).
Hasierako agurraren ondotik, lehenbiziko zatiarekin hasi ziren. Lehendabiziko, binaka zortziko handian bina bertso osatu behar izan zituzten, eta segidan, bina bertso zortziko txikian. Lehenbiziko atala bukatu zenean, sei bertsolari sailkatu ziren bigarren atalera: Iradi Barrenetxea Akesolo, Kattalin Arabolaza Palomo, Kattalin Lizarraga Mendia, Kattin Madariaga Apaolaza, Nahia Etxeberri Lopepe eta Unax Aizpurua Ibargarai. Banaka aritu ziren: hasteko, puntua emanda, bertso bat osatu behar izan zuten zortziko txikian; ondotik, bertso bat osatu behar izan zuten gaia emanda, gehienez bortz puntuko neurrian.
Epaile lanetan, berriz, Amaia Telletxea Larretxea aranztarra, Ainhoa Arregi Elosua, Aitor Jimenez Tolosana, Unai Muniain Caballero eta Zuhaitz Olazabal Superregi aritu ziren. Idazkaria, berriz, Ainhoa Goñi Castañares izan zen.
Lanak bukatutakoan, puntuak gehitu, eta hala iragarri zuten txapeldunaren eta txapeldunordearen izena. Unaix Aizpuruarentzat izan zen zapela, eta Kattalin Lizarraga txapeldunorde izan zen. Estitxu Arozenak paratu zion txapela Aizpuruari. Aitona zenari eskaini zion zapela Aizpuruak.
Gainerako bertsolariek ere hainbat sari hartu zituzten, bertzeak bertze, Ahots Bat Sormen egonaldian parte hartzeko aukera, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako finalerako sarrera, eta Maddi Ane Txoperenaren Zaldi bat edo Oihana Aranaren Zerua hemen liburuak. Sari banaketan, Bittor Elizagoien Etxegarai Bortzirietako Bertso Eskolen sortzaileetako batek, Irati Alcantarilla Urdanpilleta Bertsularien Lagunak Elkarteko irakasleak, Nekane Artola Labordeta Ikastolen Elkarteko lehendakariak, Oier Iurramendi Etxeberria Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko koordinatzaileak eta Peru Abarrategi Sarrionandia Arabako Bertsozale Elkarteko irakasleak parte hartu zuten.