Zeberio II.ak eta Mitxeok lortu dute finalerdietarako txartela Beran

Ttipi-Ttapa 2026ko ekainaren 15a

Otano, Matxin III.a, Zeberio II.a eta David Mitxeo doneztebarra, Doneztebeko Lander Erkizia epailea tartean dutela.

Euskal Jai Berri Erremonte Fundazioak antolatutako Udaberriko Erremonte Profesionaleko Txapelketa-Microlan Aerospace Sari Nagusiko final laurdenetako azken jardunaldi erabakigarria jokatu zuten ekainaren 13an, larunbat eguerdian, Berako Eztegara pilotalekuan. Txapelketako partidan, dagoeneko finalerdietarako sailkapena segurtatua zuten Matxin III.a eta Otano, Zeberio II.aren eta David Mitxeo doneztebarraren kontra aritu ziren. Hauek, garaipena edo guttienez 33 tanto egin behar zituzten finalerdietara sartzeko eta azkenean irabaztea lortu zuten, 35-34.

Larunbat eguerdian Eztegaran jokatutako partidan 35-34 irabazi zieten Matxin III.ari eta Otanori

Hasieratik gorriek gehiago zutela jokoan ikusi zen eta bortz tantoko aldea hartu zuten (11-6, 16-11). Baina ez zen gehiagora joan eta urdinek ere bere lana egin zuten, hogeita launa berdintzeko. Hainbat berdinketa izan ziren partidaren erdian, baina urdinek hiru tantoko alde arriskutsua ere hartu zuten (28-31). Baina Zeberiok eta Mitxeok lasaitasunez hartu zuten eta finalerdietarako txartela ematen zien 33. tantoa egin zuten, partida berdintzeko. Azkenean, garaipena ere lortu zuten.

Zeberio II.a eta David Mitxeo, Berako Eztegara pilotalekuan, finalerdietarako txartela lortu ondotik.

Txapelketako partidaren aitzinetik, jaialdia hasteko, eskualdeko lau pilotariren arteko lehia ikusteko aukera izan zena: Eloi Otxandorena doneztebarrak eta Xuban Ilarregi oiztarrak 30-17 irabazi zieten Jon Sagaseta iruritarrari eta Markel Leatxe donamariarrari.

Beran lehen partida jokatu zuten Ilarregi, Otxandorena, Leatxe eta Sagaseta. Gorriek erraz irabazi zuten.

 

Finalerdiak asteburuan

Gauzak honela, Udaberriko Erremonte Profesionaleko Txapelketako finalerdiak asteburu honetan jokatuko dituzte. Hilaren 19an, ortziralean, Azkoienen, Xanti Uterga doneztebarra eta Agirrezabala, Zeberio II.aren eta David Mitxeo doneztebarraren kontra ariko dira eta hilaren 20an, larunbatean, Burlatan, Matxin III.a eta Otano, Eloi Otxandorena doneztebarraren eta Barricarten kontra.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun