Larunbatean 12:00etan Eztegara pilotalekuan jokatuko den jaialdiko txapelketako partidan, Matxin III.a eta Otano, Zeberio II.aren eta David Mitxeo doneztebarraren kontra ariko dira
Erran nahi baita, Matxin III.ak eta Otanok ez dute deus handirik jokoan. Garaipena lortuko balute bigarren izanen lirateke sailkapenean eta 33 tanto baino guttiagoan galduta, hirugarren. Modu batean edo bertzean, Otxandorena eta Barricart izanen dituzte arerio finalerdietan. Aldiz, oraingoz garaipen bakarra eta sailkapenaren bosgarren postuan dauden Zeberio II.ak eta Mitxeok guttienez bi puntu lortuko balute (irabaziz gero lau, 33 tanto eginda bi), Mikelena eta Ion gaindituko lituzkete sailkapenean, eta laugarren izanen ziren. Finalerdietan Uterga eta Agirrezabala izanen dituzte arerio.
Txapelketako partidaren aitzinetik, jaialdia hasteko, eskualdeko lau pilotariren arteko lehia ikusteko aukera izanen da: Eloi Otxandorena doneztebarra eta Xuban Ilarregi oiztarra, Jon Sagaseta iruritarraren eta Markel Leatxe donamariarraren kontra ariko dira.
Jaialdia ADANOren aldekoa izanen da, baina ikusleek ez dute deus ordaindu beharrik izanen, Berako herriko etxeak zuzenean emanen baitio dirua Nafarroan minbizia duten haurrak eta familiak artatzen dituen elkarteari.