Ados Pilotak San Fermin Torneoa aurkeztu du, Nafarroako Esklerosi Anizkoitzaren Elkartearen alde

Ttipi-Ttapa 2026ko ekainaren 12a

Ados Pilotako pilotariak eta antolatzaileak, ortzegunean egin zen San Fermin torneoaren aurkezpenean.

Ados Pilotak San Fermin Torneoaren edizio berria aurkeztu du ortzegun honetan Iruñeko Kondestablearen Jauregian. Emakume pilotari profesionalen egutegian sendotutako hitzordua da dagoeneko, eta urtero bezala, izaera solidarioa izanen du. Aurtengo edizioa Nafarroako Esklerosi Anizkoitzaren Elkartearen alde jokatuko dute.

Txapelketak bi modalitate izanen ditu: lau eta erdikoa eta binakakoa. Finalak uztailaren 5ean eta 10ean jokatuko dituzte Labriten eta binakako finalerdia Lesakan jokatuko dute uztailaren 9an

Ortzeguneko aurkezpenean parte hartu zutente Maider Belokik, Iruñeko Udaleko zinegotziak; Rakel Anjolek, Iruñeko Peñen Federazioko presidenteak; Maite Ruiz de Larramendi Mugikak, Ados Pilotaren ordezkari gisa; Silvia Lorea Loperenak, Nafarroako Esklerosi Anizkoitzaren Elkartearen ordezkariak eta Maite Gabilondok, Reyno Gourmeten izenean.

San Fermin Torneoak bi lehiaketa izanen ditu: lau eta erdikoa eta binakakoa. Lau eta erdikoan Maddi Barrocal, Ane Mendiburu, Leyre Oskoz eta Natale Aranburu arituko dira. Ligaxka bidez jokatuko da, eta lehen bi sailkatuak finalera igaroko dira. Lau eta erdiko partidak nagusiki Iruñeko Labrit pilotalekuan jokatuko dira, nahiz eta norgehiagoka bat Tiebasen izanen den. Lau eta erdiko final handia uztailaren 5ean jokatuko da.

Bertzalde, binakako txapelketa iaz bezala playoff sistemaren bidez jokatuko dute. Honako bikote hauek hartuko dute parte: Aranburu-Mujika, Iturriaga-Ruiz de Larramendi, Oskoz-Orbegozo eta Gomez-Arrastia. Barrocal-Mendiburu bikotea, berriz, zuzenean sartuko da uztailaren 9an Lesakan jokatuko den finalerdian. Binakako finala uztailaren 10ean jokatuko dute.

Modalitate horretan, txapelketa hainbat frontoi eta herritatik igaroko da. Binakako partidak Urrotzen, Ubiden, Segovian, Eulaten, Lesakan eta Iruñeko Labrit pilotalekuan jokatuko dituzte. Segoviako hitzordua bereziki esanguratsua izanen da, lehen aldiz jokatuko baitu Ados Pilotak han partida ofizial bat. Hala, San Fermin Torneoak bere eremua zabalduko du eta emakumezkoen pilota profesionala ohiko plazetatik harago eramanen du.

 

Lehiaketa sistema eta egutegia

Lau eta erdikoa

Parte hartzaileak: Maddi Barrocal, Ane Mendiburu, Leyre Oskoz eta Natale Aranburu.

  • Ekainaren 18an, Labriten: Aranburu-Oskoz.
  • Ekainaren 21ean, Tiebasen: Mendiburu-Barrocal.
  • Ekainaren 25ean, Labriten: Oskoz-Mendiburu eta Barrocal-Aranburu.
  • Uztailaren 2an, Labriten: Aranburu-Mendiburu eta Barrocal-Oskoz.
  • Uztailaren 5ean, Labriten: finala.

 

Binakakoa
  • Ekainaren 14an, Urrotzen: Gómez-Arrastia eta Oskoz-Orbegozo bikoteen arteko partida.
  • Ekainaren 21ean, Ubiden: Iturriaga-Ruiz de Larramendi eta Aranburu-Mujika bikoteen arteko partida.
  • Ekainaren 27an, Segovian: Urrotzeko eta Ubideko irabazleak elkarren aurka. Irabazlea finalera sailkatuko da.
  • Ekainaren 28an, Eulaten: Urrotzeko eta Ubideko galtzaileak elkarren aurka.
  • Uztailaren 5ean, Labriten: Segoviako galtzailea Eulateko irabazlearen aurka.
  • Uztailaren 9an, Lesakan: Labriteko irabazlea Barrocal-Mendiburu bikotearen aurka.
  • Uztailaren 10ean, Labriten: finala.

Binakako txapelketan, Segoviako irabazlea zuzenean sailkatuko da finalera. Barrocal-Mendiburu bikotea, berriz, zuzenean sartuko da Lesakako finalerdian.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun