Eskualdeko sei bertsolarik parte hartuko dute Bertsolari Txapelketa Nagusian

Ttipi-Ttapa 2026ko ekainaren 10a

Amets Arzallus, Ekhiñe Zapiain, Eki Mateorena, Joanes Illarregi, Maddi Ane Txoperena eta Xabat Illarregi izanen dira eskualdeko ordezkariak.

Bertsolari Txapelketa Nagusiaren 19. edizioa irailaren 19an Hazparnen hasi eta abenduaren 20an Iruñean bukatuko da.

50 bertsolari ariko dira, eta horietatik sei izanen dira TTIPI-TTAPAren eremukoak: Amets Arzallus Antia (Hendaia-Sara, 1983), Ekhiñe Zapiain Arlegi (Bera, 2002), Eki Mateorena Zozaia (Leitza, 2005), Joanes Illarregi Marzol (Leitza, 1999), Maddi Ane Txoperena Iribarren (Hendaia-Lesaka, 1994) eta Xabat Illarregi Marzol (Leitza, 2001).

Saioetarako gaiak sortzeaz eta prestatzeaz gain, saioak aurkezteaz, berriz, hamalau laguneko lantaldea arduratuko da, eta tartean, bi izanen dira eskualdekoak: Ainhoa Larretxea Agirre (Bera, 1996) eta Maialen Belarra Eneterreaga (Doneztebe, 1992). Eta epaileen taldean 21 lagun ariko dira, baina tartean ez da eskualdekorik.

Lehenbiziko fasea, finalaurrekoa eta finala

Lehenbiziko fasea irailaren 19an hasi eta urrian bukatuko da. Tartean zazpi saio izanen dira: Hazparnen, Altsasun, Lekeition, Donapaleun, Tolosan, Gotaine-Irabarnen eta Agurainen. Fase honetan, 42 bertsolarik kantatu dute, denak herrialdeetako txapelketetatik sailkatuak. Sei bertsolariz osatutako zazpi talde eginen dituzte eta saio bakarrera lehiatuko dira. Talde bakoitzeko irabazlea zuzenean pasatuko da hurrengo fasera: puntu gehien biltzen dituztenekin osatuko da finalaurrekoetarako taldea.

Finalaurrekoetan 24 bertsolari ariko dira: izena eman duten 2022ko zazpi finalistak eta lehenbiziko fasetik sailkatuko diren 17 bertsolariak. Bi itzuli izanen ditu finalaurreko faseak: lau lehenbizikoan eta hiru bigarrenean. Saio horiek urriaren 24an hasita, Larraun-Lekunberrin, Eibarren, Gernika-Lumon, Miarritzen, Donostian, Gasteizen eta Bilbon eginen dituzte.

Finala, berriz, abenduaren 20an, Iruñeko Nafarroa Arenan izanen da. Zortzi bertsolari ariko dira kantari: 2022ko txapelduna eta finalaurrekoetatik puntuazioz sailkatuko diren zazpiak.

Eskualdeko bertsolariak noiz

Eki Mateorena Zozaia eta Maddi Ane Txoperena Iribarren Hazparneko saioan ariko dira, irailaren 19an. Ekhiñe Zapiain Arlegi eta Xabat Illarregi Marzol Gotaine-Irabarnen, urriaren 10ean. Eta finalaurrekoen lehenbiziko itzulian hasiko dute txapelketa Amets Arzallus Antiak eta Joanes Illarregi Marzolek, 2022an finalistak izan zirenek. Arzallus Larraun-Lekunberriko saioan ariko da, urriaren 24an, eta Illarregi azaroaren 7an, Gernika-Lumon.  

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun