Baxi Basajaunako kirolariak bikain Nafarroako VI. Disko Golf Irekian

Ttipi-Ttapa 2026ko ekainaren 9a

Nafarroako VI. Disko Golf Txapelketan parte hartu zuten kirolariak Igantziko Irrisarri Landen.

Iñaki Gonzalez garaile izan zen MP50 kategorian eta Elixabete Lorenzo eta Lander Jugera bigarrenak beraien kategorietan.

Nafarroako VI. Disko Golf Irekia ekainaren 5etik 7ra jokatu dute Igantziko Irrisarri Landeko zelaian, Baxi Basajauna elkarteak, antolatua eta AEDGk antolatutako Espainiako Koparako baliagarria. Txapelketa honetako bortz probetatik laugarrena izan da Igantzikoa. Etxeko Baxi Basajauna taldekoek emaitza bikainak lortu dituzte.

Baxi Basajaunako kirolariek txapelketa bikaina egin zuten eta gehienak podiumera igo ziren.

Espero bazen ere, azpimarratzekoa izan da Iñaki Gonzalez Olaizolaren garaipena MP50 kategorian, «beti bezala indarra, teknika eta burua erakusten». Kategoria honetan hirugarren izan da Toni Negrete taldekidea. Emakumeen kategorian bigarren izan da Baxi Basajaunako Elixabete Lorenzo Borda, txapeldun izandako Celia Arandaren gibeletik.

MP60 kategorian laugarren izan zen Mikel Ibarrola doneztebarra, podiumetik zazpi jaurtiketetara. «Igogailu bat bezala ibili nintzen, bigarren txanda ongi, goiti, baina hirugarrenean beheiti, gaizki.

MP40 kategorian hirugarren izan zen Baxiko Ion Juguera eta 18 urtez beheitikoetan bigarren Lander Jugera taldekidea, Beñat Lopezen gibeletik.

Maila nagusian, Espainiako txapeldun den Marc Lopez nagusitu zen, bere maila erakutsiz. Konstantin Basos portugaldarra bigarren izan zen eta Lekunberriko Rafael Sarriegi hirugarren. Aipatzekoa da laugarren izan zen Dani Diazek 14. saskian ace egitea lortu zuela (jaurtiketa bakarrean saskiratzea).

Irrisarriko zelaian hainbat aldaketa egin dituzte eta kirolariei gustatu zaizkie. Orain, ekainaren 20an Bilbon jokatuko den Euskal Herriko txapelketan parte hartuko dute Igantziko klubeko kirolariek.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun