Eduki babestua

Enpresen beharrak identifikatzeko jardunaldiak martxan

Ttipi-Ttapa 2026ko ekainaren 5a

Maiatzaren 14an egin zuten Baztan-Bidasoko Landa eta Enpresa Berrikuntza Jardunaldien lehenbiziko saioa.

Baztan-Bidasoko enpresen klubak lehenbiziko Landa eta Enpresa Berrikuntza Jardunaldiak antolatu ditu, eta ekainaren 25era bitarte ortzegunero  hitzorduak egitekoak dituzte.

«Baztan-Bidasoko enpresen beharrak eta eskaerak identifikatzea». Horixe dute helburu, lehenbiziko aldiz, martxan paratu dituzten Baztan-Bidasoko Landa eta Enpresa Berrikuntza Jardunaldiek. «Ondoko hamarkadan lehiakortasuna mantendu edo hobetu» nahi dute, eta hala, «etorkizuneko belaunaldientzat eskualdearen garapen ekonomikoa ziurtatu». 

Baztan-Bidasoaldeko 60 enpresa baino gehiago biltzen dituen Don Miguel de Muzquiz Enpresa Klubak antolatu ditu jardunaldiak, Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren eta Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuaren eta Nafarroako Rural Kutxaren laguntzarekin. 

Inaugurazio ekitaldia

Jardunaldietako lehenbiziko saioa maiatzaren 14an egin zuten Bertizko Jauregian, eta han izan zen Jose Mª Aierdi Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria. Hain zuzen, ekitaldia hasteko, kontseilariak hartu zuen hitza eta «landa garapenak enpresen jarduera ekonomikoaren bulkada» behar duela azpimarratu zuen, «talentua erakartzeko eta gordetzeko, eta horrekin batera, lurralde kohesio soziala sortzeko eta biztanleria finkatzeko behar diren bizi baldintzak sortzeko». Horren harira, «ziurgabetasun ugariko garaia» dela aipatu zuen, «bai geopolitikoki, produkzio kostuak igotzen eta errentagarritasuna murrizten ari direlako; baita Europako Batasuna berregituratzen ari direlako ere, politikak berrikusiz, batez ere lehenbiziko sektorean, baina baita bertze enpresa sektore batzuetan ere». 

Bide horretan, «eragile guzien artean, parte hartze estrategiak garatzeko» deia egin zuen Aierdik, eta bukatzeko, «elkarlanean egungo erronkak gainditzeko bideari ekiteko» Miguel de Muzquiz y Goyeneche baztandarraren «espiritu ausarta» aipatu zuen.

Kontseilariaren ondotik, enpresetako ordezkariek hartu zuten hitza. Berako Savera, Etxalarko Lorpen eta Lesakako Atxaspikoak aritu ziren solasean, zehazki, nazioartekotzeaz eta enpresa berrikuntza berrasmatzeaz. Horrez gain, inaugurazio egunean, Nafarroako Rural Kutxak Baztan-Bidasoko Enpresarien Klubarekin hitzarmena sinatu zuen, «Baztan-Bidasoaren garapen sozioekonomikoan elkarlanean aritzeko» eta Rural Kutxaren izenean, Juan Mari Aietxuk parte hartu zuen. Segidan, Zabala Innovation aholkularitzako ordezkariek berrikuntzako, inbertsioetarako eta hazteko dauden dirulaguntza nagusiak esplikatu zituzten. 

Lehenbiziko saioa akitzeko, Iñigo Arruti Nafarroako Gobernuko Enpresen Sustapenerako eta Azpiegituretako zuzendari nagusia solastatu zen. Hasteko, «etorkizun hurbilean, enpresek izanen duten panorama lehiakorra» esplikatu zuen, eta ondotik, «erronkei arrakastarekin erantzuteko, elkarlanean eskualdea aktibatzeko estrategiak diseinatzeko eta garatzeko» deia egin zien Baztan-Bidasoko enpresei. 

Ekainaren 25era arte

Maiatzaren 14an hasita, ekainaren 25ean borobilduko dituzte jardunaldiak, eta tarte horretan, ortzegunero egitekoak dituzte saioak Bertizko Jauregian. Azken hitzordu horretan Mikel Irujo Nafarroako Gobernuko Industria kontseilariak parte hartuko du. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun