VI. Señora Sariketako finalean kantatuko dute Kattin Madariaga aranztarrak eta Kattalin Lizarraga leitzarrak

Ttipi-Ttapa 2026ko ekainaren 4a

Kattalin Lizarraga (ezkerrean) eta Kattin Madariaga (eskuinean) kontent, Zizur Nagusiko saioan Señora Sariketaren finalerako txartela eskuratu ondotik.

Señora Sariketaren VI. edizioko finala jokatuko da ekainaren 6an, larunbatean 18:00etan, Plentziako Danontzat Gaztetxean. Kattin Madariaga aranztarrarekin eta Kattalin Lizarraga leitzarrarekin batera, Oihana Iguaran, Ana Picallo, Maider Altuna eta Lide Arregi ariko dira Baionan Nahia Etxeberrik lortu zuen txartela baina ezin izanen du larunbatean Plentzian egon eta Maider Altuna ariko da bertsotan.

Egun osoko egitaraua

Finala arratsaldean jokatuko bada ere, egun osoko egitaraua antolatu dute Señora Sariketaren finalaren inguruan. 12:30ean Bertso karro-poteoa eginen dute, Ahalduntze bertso-eskola feministako kideekin, Plentziako Zubi zuritik hasita.

14:30ean izanen da bazkaria eta bazkalostean bingoa izango dugu. Ekainaren 4a (ortzeguna) da bazkarian izena emateko azken eguna, eta galdetegia beteta edo senorasariketa@gmail.com helbide elektronira mezu bat idatzita eman liteke izena bertan.

18:00etan emanen zaio hasiera finalari, bertsopaper sariketako sari banaketarekin. Sari banaketaren ondoren hasiko da saioa, eta bertan erabakiko da nor izanen den VI. Señora Sariketako pameladuna.

Egunari amaiera emateko, 22:00etan Zatekeen erromeria izaneb da gaztetxean. Eta ondoren, gaualdea girotzeko, DJ Txillardegi.

Señora kamisetak

Larunbatean, gaztetxean bertan eskuratu ahalko dira jadanik eskatuta dauden Señora kamisetak. Horrez gain, bertan erosteko aukera ere izanen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun