Izaro, Markel, Ekhi, Kattalin, Eki eta Ainhoa

«Euskal Herri aske, sozialista eta feminista nahi dugu»

Ttipi-Ttapa 2026ko ekainaren 7a

Goititik beheiti: Etxepare, Adin, Txokarro, Lizarraga, Mateorena eta Mezkiritz.

«Antolakundeko kideok gure ekinbidea baloratu eta datozen urteetan segitu beharreko bidea zein den ebazteko garatzen dugun urtebeteko hausnarketa prozesua» da Ernaiko Kongresua. Maiatzaren 9an egin zuten itxiera ekitaldia Bergaran, «ehunka kideren hausnarketa eta ekarpenak bilduz». Baztan-Bidasoa eta Leitzaldeko sei gazte solastatu dira gaiaz: Izaro Etxepare, Markel Adin, Ekhi Txokarro, Kattalin Lizarraga, Eki Mateorena eta Ainhoa Mezkiritz.

Nola ikusten duzue gazte mugimendua eskualdean?

Munduko egoera ezegonkorra da: krisia, gerrak, ideia erreakzionarioen gorakada... Gatazka goraka doa, kapitalismoaren metaketa fase batean amaiera bizitzen ari gara eta, hargatik, mundua disputan dago. Euskal Herria ez dago horietatik salbu, eta noski, gure eskualdea ere ez. Horrekin batera, tendentzia izan ohi dugu gurutzatzen gaituzten problematika etengabeei tokia emateko, baina kosta egiten zaigu egin ditugun lorpenei ere tokia uztea. Azken 15 urteeko ibilbidearekin, duela urte dezente pentsaezinak ziren hainbat mugei aurre egitea lortu dugu. Hamarkadetako blokeoarekin amaitzea lortu dugu, preso, iheslari eta deportatu politikoen auziari behin betiko konponbidea emateko aukera dugu, ezker independentismoaren hazkundea… Bidegurutze batean gaude, Euskal Herriaren etorkizuna ez dago bermatuta, baina badaude aukerak inongo zapalkuntzarik gabeko herri askea eraikitzeko, eta horretarako, beharrezkoa zaigu independentzia. Ate berriak irekitzeko aukera errealak ikusten ditugu eskualdeko gazteok, eta horren adierazle ere bada talde indartsuak ditugula. Aukera berri horien aitzinean ardura hartzea dagokigu guri ere.

«Bidegurutze batean gaude, eta badaude aukerak herri askea eraikitzeko»

Zein ondorio atera dituzue kongresutik?

Bi titular nagusi. Batetik, Euskal Herria bidegurutze historiko batean dago eta Ernaik funtzio garrantzitsua bete behar du ahalik eta gazte independentista gehien nazio askapen mugimendura batzeko. Bertzetik, krisi eta zapalkuntzek gogor astintzen ari dira gazteon bizitzak, eta gure behar eta kezkekin konektatzera goaz, Ernai askapenerako tresna gisa irudikatuz. Bi dira, beraz, erronka nagusiak.

«Euskal Herri aske, sozialista, feminista eta euskalduna» duzue helburu. Nola jardunen duzue?

Hori lortzeko ezinbertzekoak zaizkigu hiru baldintza: independentzia lortzea, nazio gisa aitortuak izatea eta erabakitzeko eskubidea bermatzea. Gure egitekoa aldaketa sozial eta politikoa gazte eremutik hauspotzea eta agente aktiboa bilakatzea izanen da. Bortz erronka nagusi zehaztu ditugu: Ernai zentratu eta zabaltzea; gazte bulkada nazionala hauspotu eta indartzea; gazte borrokarako ekosistema elikatzea; gazteriaren nahi, behar eta kezkak eztabaida politikoaren erdigunean kokatzea; eta gazteon artean aldaketaren aldeko giro, ilusio eta espektatibak elikatzea.

Nola aplikatzen ahal da hori eskualdean?

Ez dugu gero eta pobreago egiten gaituen eredu honetan bizi nahi, eta ez gara geldirik geratuko gure hizkuntza eskubideen urraketei bide eman eta nazio gisa ukatzen gaituztenean. Hori horrela izanik, ezinbertzekoa zaigu eskualdeko gazteon bultzada, Ernaik hemen badu eskaintza zabala, eta parte hartzeko askotariko moduak eskainiko ditugu. Taldeak ditugu Malerreka-Bertizaranan, Baztanen, Bortzirietan eta Leitzaldean, beraz oraindik antolatu gabe dagoen gazteriari dei egiten diogu Ernaira batzeko. Eskualdetik kanpo, maila nazionaletan ere ahalik eta elkargune gehien eskaini nahi ditugu.

«Gazteon artean aldaketaren aldeko giro, ilusio eta espektatibak elikatu nahi ditugu»

Zein dira zuen asmoak etorkizunera begira?

Aipatutako bortz erronka horiek norabidetuko dute gure jarduna hurrengo lau urteetan. Ernai erronkak martxan paratzeko tresna izanen da, bi alorri erantzutera bideratuko duguna. Alde batetik, nazio auziaren lanketari erantzunen diogu, Euskal Herrian ahalik eta gazte gehien independentziaren alde kokatuz. Bertzetik, gazteon bertzelako nahi, behar eta kezken lanketa egitera goaz. Izan ere, askotarikoak dira gazteok asaldatzen gaituzten problematikak, eta hauei erantzun eta borrokatzearen ardura gure gain hartzen dugu. Gainera, problematika hauek nahi eta nahi ez, nazio auziarekin elkarloturan ulertzen ditugu, gazteok bizi baititugun askotariko arazo horiei aterabide emateko modu bakarra askapen prozesua muturrearaino eramatea baita. Hainbat eremu estrategiko definitu ditugu: euskara, feminismoa, jatorri eta kultur aniztasuna eta tokiko mailako espazioak. Horrekin batera, gure proiektu politikoan leku nabarmena dute borroka transmaribibolloak eta ekologistak. 

Zerbait gehitu nahi duzue?

Gure herriarekiko konpromisoa duen eskualdeko gazte independentista eta aurrerakoi orori Ernaira batu eta bidea elkarrekin ekiteko gonbita luzatu nahiko genioke. Garaiak borroka eskatzen du, eta gu borrokarako prest gaude. Euskal Herria da gure bizigai eta bizipoz iturri, gu gara herri honen oraina eta etorkizuna.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun