Adin txikikoen substantzien kontsumoari aurre egiteko protokoloa landu dute Baztan-Bidasoaldean

Ttipi-Ttapa 2026ko ekainaren 7a

Adin ttikikoen substantzien kontsumoa prebenitzeko eta esku hartzeko lanketa egiten ari dira.

Adin txikikoen kontsumoen prebentzioa eta esku hartzea lantzeko, 2024/2025 ikasturtean hainbat bilera egin ziren eskualdeko hainbat eragile bilduz: hezkuntza, osasuna, gizarte zerbitzuak eta poliziak hain zuzen ere. Hainbat alorretako profesionalen ardura baita adin txikikoak artatzea bakoitza bere esparrutik. Elkarlan horren emaitza Baztan-Bidasoko adin txikikoetan sustantzien kontsumoaren detekzio eta esku hartze protokoloa izan da. 

Baztan-Urdazubi-Zugarramurdi, Bertizarana-Malerreka eta Bortzirietako hezkuntza, osasuna, gizarte zerbitzuak eta polizien arloko hainbat eragilek hartu dute parte

Protokoloak prebentzio eta esku hartze ildo argiak zehazten ditu, erantzun koordinatu eta bateratua emateko asmoz eta horren berri eman digute Arantxa Gamio, Bortzirietako Gizarte Zerbitzuetako hezitzaileak; Irune Altxu, Malerrekako eta Bertizaranako gizarte zerbitzuetako hezitzaileak eta Maitane Arruabarrena, Baztan, Urdazubi eta Zugarramurdiko gizarte zerbitzuetako hezitzaileak. Beraiek eman digute protokoloaren berri, baina «nabarmendu nahi dugu ere, lau entitate publikoren eta hiru eskualde administratiboren arteko elkarlana izan dela eta hori berritzailea da». Baztan aldeko, Malerreka-Bertizaranako eta Bortzirietako gizarte zerbitzuekin batera, Osasunbidearen barnean, Elizondoko, Doneztebeko eta Lesakako osasun etxeek hartu dute parte; hezkuntza aldetik, DBH, Batxilergoa eta Lanbide Heziketa eskaintzen duten ikastetxeek eta polizia aldetik, Foruzaingoak, guardia zibilak eta Baztango udaltzaingoak. 

 

«Familiak eta gurasoak dira adin txikikoen erantzule»

Errealitate honetan hainbat diziplinetako profesionalen arteko lanketa bermatuko da, baina gurasoen inplikazioa eta ardura hartzea ezinbertzekoak izanen dira. «Droga kontsumoaren gaia batez ere nerabezaroan agertzen da familietan. Aitzitik, haurtzaroan heziketatik eta informaziotik aunitz dago egiteko. Gerora nerabezaroan gazteek erabakiak hartzeko informazioa eta trebezia pertsonalak izan ditzaten».

Berriki arte zonalde bakoitzak bere lanketa egin du baina ikusirik problematika/kasuistika berdintsua dela eskualdean indarrak eta jakintzak bateratzea erabaki dute. «Aitzitik, bateratzeak ez du erran nahi egoera edo gertaera guztien aurrean eskualde mailako esku hartzeak garatuko direnik; egoera partikular ororen aitzinean baloratuko da, eta ziurrenik tokian tokiko eragileekin aurre eginen zaie suertatzen diren erronkei. Beti ere diziplina arteko begiraden metodologiak eskaintzen duen zabaltasuna aintzat hartuz».

Elkarlan hau sortzeko beharra hezkuntza formaleko esparruan antzeman zuten eta sare lan metodologian oinarrituz, osasun eta gizarte zerbitzuko teknikariekin abiatu zen eskualdeko errealitatea partekatzeko beharra: eskualde bakoitzean egiten zirenak, ahuldadeak, indarguneak… partekatu ziren eta oinarrizko prozedura adostu batzuk lehenestea erabaki zen. «Gerora poliziak taldeko parte izatera gonbidatu genituen, beraien esparrutik ere prebentzioa bai esku hartzeak egiten dituztelako, adin txikikoen babesa helburu nagusi izanik, ardura partekatuaren printzipioa nabarmenduz».

 

Lan ildoak arlo bakoitzean

Prebentzio esparrutik, Osasun Etxeak pediatria lan taldearen gidaritzapean, drogamenpekotasun foru planaren alorreko materialak baliatuz (alkohola, tabakoa, familia barneko estrategiak,…) ohiko osasun errebisioetan gaia landuko dute bai gurasoekin, baita nerabeekin ere. DBH, Batxilergo eta Lanbide Heziketa ikastetxeek beraien lan taldeetan ikasturte hasierako klaustro bilera edota familia bileretan esku hartze esparru honen berri emanen diete. Bai eta eskola kontseiluan eta kontseilu sozialean ere. Ikaslegoarekin, berriz, tutoretza orduak baliatuko dituzte gaia lantzeko.

Gizarte Zerbitzuek, orain artekoa eginez eta osatuz segituko dute, hala nola, gurasoentzat hitzaldiak eskainiz, nerabeentzat hitzaldiak eskainiz, Bestabusa edo Gan-torri zerbitzuak eskainiz eta urtean zehar data konkretuetan kanpaina, familietara gutunak edo bertzelakoak sustatuz.

Azkenik, poliziak eskaintzen dituzten hitzaldien berri jakinarazi dute. Eskaerak egiteko beraiekin harremanetan jarri behar da.

Esku hartze esparrutik, berriz, poliziak adin txikiko bati sustantzia (legalak zein ilegalak) kontsumitu edo trapitxeoan antzemanez gero, dagokion salaketa prozedura martxan jartzen du. Salaketaren ondorio zigor ekonomikoa, isuna alegia, iritsi daiteke edo honen ordezkoa den PASE programa hezitzailea aktibatzeko aukera. Bigarren aukera hau Nafarroako Osasun Publikoko Institutuaren bidez martxan jartzen den interbentzio soziohezitzailea da.

Osasun Etxeetan, pediatriako lan taldeaz gain, urgentzietakoak ere jakitun izanen dira adin txikiko bat sustantzien kontsumo ondorioz artatu izan badute, geroko barne prozedurak nola egin jakiteko. «Gizarte langilearen figura hor dagoenez, hori aprobetxatu eta lanketa integralago bat egiteko aukera sustatu nahi da».

DBH, Batxilergo eta Lanbide Heziketa ikastetxeetan irakaslegoarentzat egoera hauek antzemanez gero esku hartze pautak definitu eta jakinarazpenak egiteko estrategiak adostu dituzte eta familia eta ikastetxe arteko elkarlana eta komunikazioa bideratzeko ibilbideak aurreikusi dira.

Gizarte Zerbitzuak, herritarren arreta zerbitzua izaki, kasuistika hau planteatzen ahal duten gurasoak edo herritarrak artatu, akonpainatu eta orientatuko ditu. Eta eskualdeko bertze eragileekin etengabeko lankidetzan egonen dira, lan eraginkor bat sortzeko asmoz.

 

Suspertu, Iruñean

Protokolo hau lehen arreta zerbitzu publikoetako profesionalen konpromisoaren emaitza da. Nabarmendu nahi dute Nafarroan badagoela adin txikikoak eta sustantzien kontsumoak artatzen dituen baliabide espezializatua: Iruñean dago eta SUSPERTU da. «Gizakia Helburu helduentzako arreta eta desintoxikazio zerbitzua den bezala, adin ttikikoei begira dagoen programa da Suspertu, adin ttikikoak, droga eta familia artatzen duen kasuistika honetan espezializatutako programa, eta gaur egungo errealitatea ikusiz, 20-21 urtera arte ere zabal daitekeena. Hitzordua eskatzeko 948 29 18 65 telefonora deitu behar da. Baliabide espezializatua da eta familiek zerbait ordaindu behar izaten dute. «Iruñean dago, aldaketa prozesu hauetan konstantzia handia behar da eta tartean sartzen baditugu hainbertze kilometro gure errepide honetan, ez da erraza, bertze traba bat da lanketa honetan konpromisoa hartzeko. Baina, aldi berean, izan daiteke jendeak ez duela zuzenean gure inguruko lehen arretara joan nahi, herri ttikietan badakigu hurbiltasuna dugula, baina tabua eta estigmatizatzeko arriskua ere bada, eta nolabait gure eskualdetik kanpoko zerbitzu honen anonimotasuna nahiago duena, batzuetan errazagoa suertatzen zaie», diote eskualdeko gizarte hezitzaileek. 

Profesionalen artean eraikitako zubiek eraginkortasun handiagoa izanen dute komunitate osoaren konpromisoak bat egiten duelarik, sustantzien kontsumoen errealitate honi aurre egiteko garaian, bai guraso, bai saltzaile, bai lagun arteko kuadrillek zer egina eta zer errana dutelako. «Aunitzetan gurasoak kontziente dira etxean gabezia hori dutela, baina ez dakite nora hurbildu, erresistentziengatik, beldurragatik, lotsagatik… egoera hori normalizatu nahi dugu, laguntza edo orientazioa eskatzearena, alegia». Eta, ur handiagoetan sartuta, «zerbitzuen diseinua, baliabideak, erronkak… definitzerakoan prebentzioari bere presentzia aitortzea ezinbertzekoa da, beharrezko baliabideak esleituz».

Protokolo honen baitan dauden profesionalak saiatzen dira «akonpainamendu rol bat ematen, prozesu honetan dauden herritarrei suposatzen ahal dien negazio, frustrazio edo espektatibetan birkokatzen laguntzea, kontziente garelako izendatu eta konpartitzen den horren karga arintzen dela. Bidean gibelera eta aitzinera pausuak izan daitezke, baina beti ere aitzinerako begirada mantendu behar dugu».

 

Bapeatzea eta edari energetikoak: erronka berriak

Herrietako besta garaian sartu garen honetan, gizarte zerbitzuetatik Bestabusa (Bortzirietan) eta Gan-torri (Baztanen) zerbitzuak martxan hasiak dira. Malerreka-Bertizaranan ez dute horrelakorik egiten eta, momentuan, ez dute egiterik aurreikusi. Garai honetan, aunitz zabaltzen da gure gizartean errotuen dauden substantzien kontsumoa, erran nahi baita, alkohola eta tabakoa. Kalamuaren ingurukoak ere sartuak dituzte protokoloan, baina beharbada orain arte hain ezagunak ez diren bertze batzuen inguruan ere ohartarazi dute gizarte hezitzaileek. Alde batetik bapeatzea dago (hau ere protokoloan sartua), itxuraz kalte guttiago egiten duen kontsumoa, baina Nafarroako Gobernuak berriki egina du honen inguruko kanpaina, Bapeatzea ez da dirudiena goiburupean, ez dela fruta zaporeko lurruna bakarrik ohartaraziz, bapeagailu gehienek susbantzia kantzerigenoak baitituzte (informazioa bapeatzeaezdadiruediena.nafarroa.eus webgunean). «Mugikorrekin gertatu zen bezala, elementu berri bat da, arras fuerte datorrena, eta helduoi eta profesionaloi ere aitzineratu digu», dio Arantxa Gamiok. «Bertzelako drogekin badago informazio gehiago, ikerketa gehiago eta formazio gehiago. Baina bapeagailuek ez ezagutza batean harrapatu gaituzte. Gailu teknologikoak dira, koloreekin, argiekin, zaporeekin eta gure nerabeak teknologia garaian sortuak dira. Horretan gure aitzinetik daude».

Bertzetik, edari energetikoen afera hor dago, oraindik araudirik eta adin ttikikoentzako debeku zehatzik ez duen kontsumoa, baina arriskutsua gerta daitekeena eta izugarrizko kontsumoa duena: «Edozein dendatan eros dezakete, baita hamar urteko haurrek ere. Kontsumo hori ttikiak direnetik normaltzen dute, eta nerabezarora ailegatzen direnean, bestetan, alkoholarekin nahasten dituzte edari energetiko horiek, hori da hurrengo pausu ‘naturala’ eta arras arriskutsua izan daiteke. Alkoholarekin, tabakoarekin edo kalamuarekin bezala, garapen prozesuan dauden gorputzetan eragiten ahal duten kaltea izugarria da».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun