Adina «esperientzia, ikuspegia eta heldutasuna» dela azpimarratu du, eta hala, diskriminazio horri «guztiok kontra egiten ahal diogula» ohartarazi du. Horrekin batera, kontuan hartzeko lau puntu aipatu ditu: «Adinak ez du markatzen nor zaren; ez dago adinaren araberako osasun egoera egokirik; ez dago adinaren araberako jokamolde egokirik eta ez dago adinaren araberako janzkera egokirik». Honela gaineratu du: «Eraiki dezagun adin guzietarako gizartea, jendeak nahi duena egiteko aukera izan dezan edozein adinetan».
Dekalogoa
Bide batez, hamar puntutan bildua den adinekoen tratu onerako dekalogoaren berri eman du:
- Bizitzan gozatzen segitu nahi dut, nire esperientzia eta jakintza baliatuz, bete nahi ditudan proiektuekin eta ametsekin.
- Behar dut zuk nire nortasuna, sinesmenak eta balioak, duintasuna, intimitatea eta eskubideak errespetatzea.
- Gai naizen bitartean, nire kasa egin nahi ditut gauzak, gehiago kostatzen bazait ere edo noizean behin nahasten banaiz ere.
- Aukeratu nahi dut nora joan, zer eta noiz egin eta, orobat, norekin egon. Azken finean, nire erabakiak errespetatzea nahi dut.
- Nire gauzak, dirua, telefonoa kontrolatu nahi ditut; arropa aukeratu nahi dut, gai naizen bitartean, eta erabaki nahi dut neure burua noiz apaindu eta garbitu nahi dudan.
- Edozein adinetan bezala, maitatu behar dut eta maitatua izatea nahi dut; onartu behar zaitut eta zuk onartzea nahi dut; eta nik errandakoa aditzea nahi dut, baita nigan konfiantza izatea ere.
- Niretako denbora librea nahi dut. Batzuetan gogoz zaintzen ditut familiakoak, bilobak eta, batzuetan, familiakoek ni zaintzea ere nahi dut.
- Bisitan etortzen zarenean eta deitzen edo laguntzen didazunean, nahi dut doinu onez nirekin mintzatzea, oihurik egin gabe eta haurrendako doinurik erabili gabe.
- Maite dut nire ingurua adeitsua, abegikorra, lasaia, segurua eta parte hartzailea izatea, gustuko ditudan jarduerak egiteko.
Hemendik partitzeko tenorea ailegatzen zaidanean, nahi dut zu nire ondoan egotea eta zuk ni laguntzea nire borondatearen eta nahien arabera.