Nafarroako Belardi Loratuak Lehiaketa antolatu dute bigarrenez

Ttipi-Ttapa 2026ko maiatzaren 28a

Lehenbiziko edizioaren arrakasta ikusita, Orekan Nafarroako Ingurumen Kudeaketako erakunde publikoak, bigarren aldiz, Nafarroako Belardi Loratuak Lehiaketa antolatu du. Sega belaiak eta horiek zaintzen dituzten abeltzainak saritzeko helburuarekin egin dute lehiaketa, «balio ekologiko eta kultural handiko paisaia babestuz». 

Lehiaketan Nafarroako ipar-mendebaldeko, Pirinioetako eta Iruñea aldeko belardiak sartzen ahal dira. Antolatzaileen arabera, «balio natural handiko sega belardiak edo belardi loratuak abeltzaintza estentsiboko erabilerari lotutako belardi erdi-naturalak dira. Mota horretako belardiek flora aldetik aniztasun handia dute, baita biodibertsitaterako babesleku diren kultura eta paisaia-balio handiko elementuak ere: harrizko bordak, hormak, heskaiak, zuhaitz lepatuak». Kontserbazio balio «handia» dutela gehitu dute, «Nafarroan hagitz eskasak baitira».

Lehiaketan parte hartzeko deia egin dute. Hautagai bakoitzak lursail bakarra apuntatzen ahal izanen du, eta izena emateko 680 13 34 21 (Silvia) edo 686 47 45 94 (Miryam) telefonora deitu beharko da, honako hauek adieraziz: hautagaiaren izen-abizenak, lursailaren SIGPAC kodea, helbide elektronikoa eta harremanetarako telefono zenbakia. Ekainaren 30a izanen da apuntatzeko azken eguna. 
 
Apuntatzeko epea bukatuta, epaimahaiak izena emandako belardiak aztertuko ditu eta sari banaketa abuztuko azken igandean eginen dute, Uharte-Arakilgo Artzain Egunean. Saria Beintza-Labaienen Ixiart artistak egindako zurezko eskultura izanen da. Gainera, irabazleak lehenbiziko saria lortu duela ziurtatzen duen zigilu batekin etiketatu ahal izanen ditu bere produktuak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun