UCI C2 mailako 2026ko Green Series Nazioarreko XCO Txapelketaren bosgarren proba egin zen maiatzaren 24an Barakaldon. Scratch edo sailkapen orokorrean bigarren izan zen Eneit Bertiz Apezetxea sunbildarra, Gexan Albisuren gibeletik eta 23 urtez beheitiko kategorian irabazle izan zen Sunbillako txirrindularia. Oihan Aleman Azkarraga iruritarra laugarren izan zen. Egutegiko bosgarren proba izan zen Barakaldokoa (bi falta dira, ekainaren 7koa Arrigorriagako Ollarganen eta ekainaren 21ekoa Lezaman) eta, Ispasterreko laugarren proban parte ez bazuen ere, sailkapen orokorreko buruan dago Eneit Bertiz (650 puntu) eta bigarren da 23 urtez beheitiko sailkapenean (710 puntu), kategoria honetan lider den Oihan Aleman iruritarraren gibeletik (730 puntu). 23 urtez beheitikoan hirugarren da Saltoki Orbea taldeko Jon Egizabal Sagastibeltza leitzarra (700 puntu).
Oihan Aleman hirugarren da scratchean sailkapen orokorrean (522 puntu) eta Jon Egizabal seigarren (434 puntu).
Kontuan hartu behar da Bertizek, 23 urtez beheitiko kategorietan, orain arteko bortz probetatik hiru irabazi dituela, bertzean bigarren izan da, baina, aipatu bezala, Ispasterren ez zuen parte hartu eta, beraz, ez zuen punturik bildu. Aleman, berriz, bigarren izan zen Erandion, hirugarren Ortuellan, laugarren Ispasterren eta Barakaldon eta bederatzigarren lehenbiziko proban, Bilbon. Hortaz, 23 urtez beheitikoan, Iruritakoak Sunbillakoak baino 20 puntu gehiago ditu.
Scratcheko nahiz 23 urtez beheitiko txapelketetako sailkapenak, beraz, ekainean jokatuko diren azken bi probatan erabakiko dira.