Planeta errespetatzen duten eta bizimodu ekologikoago eta kontzienteago baten aldeko pertsonentzako topagune nagusi gisa sendotzera dator 2026ko Bioterra, Euskadiko EKO azoka.

Hogei urte baino gehiagoko ibilbidea du Bioterrak eta ekoizteko, kontsumitzeko eta bizitzeko modua eraldatzeko konpromisoa duen gero eta komunitate handiago baten bilakaera lagundu du. Azokak bertze pauso bat emanen du 2026an, eta bizimodu jasangarriaren eta osasungarriaren espazio gisa duen ikuspegia indartuko du, jasangarritasuna, osasuna, ongizatea eta ingurumen kontzientzia modu bateratuan uztartuz.

Arreta jarriko du etorkizuna benetan sostengatzen duten oinarrietan
Etapa berria
Irauten duena zaintzen dugu leloarekin, edizio honek etapa berri baten hasiera izan nahi du. Bioterrak arreta jarriko du etorkizuna egiatan sostengatzen duten oinarrietan: elikadura ekologikoa, pertsonak, harremanak eta ezagutza; hori guztia komunitate sendoagoak eta kontzienteagoak eraikitzeko oinarri gisa.
Ikuspegi berri honek ez ditu azokaren ohiko oinarriak ordezkatzen —nekazaritza ekologikoa, bioeraikuntza, kontsumo arduratsua eta ingurumenarekiko errespetua—; kontrara, zabaldu egiten ditu, ongizatea eta bizi kalitatea arlo guzietan txertatuz: elikadura, etxea, energia, kosmetika eta eraikuntza.

Publiko ororentzako azoka
Bioterrak erakusketa eremu zabala izanen du 120 erakusketari baino gehiagorekin; han batuko ditu elikadura ekologikoa, kosmetika ekologikoa, moda jasangarria, bioeraikuntza eta kontsumo arduratsua, produktu eta zerbitzu ugarirekin.

Horrez gain, jarduera osagarrien egitarau zabala eskainiko du: hitzaldiak, tailerrak, showcooking-ak eta proiekzioak. Proposamen hori dago pentsatuta bisitari bakoitzak bere intereseko edukia aurkitzeko eta azoka bere erara bizitzeko, hiru gunetan banatuta.

Amalurra
Lehenbiziko pabiloian eginen dira ongizatea eta osasun integrala ardatz dituzten jarduerak, adineko pertsonengan arreta berezia jarrita. Nabarmentzekoa da Adinberriren parte hartzea —Gipuzkoako Foru Aldundiaren fundazioa, biztanleriaren zahartzeari erantzuteko berrikuntzan lan egiten duena—; topaketa, elkarrizketa eta ikasketa partekaturako gunea eskainiko du horrek.
Ongizatea eta osasun integrala ardatz dituzten jarduerak izanen dira lehenbiziko pabiloian
Azokan zehar, honako jarduera hauek eginen dira: ariketa fisikoa, nutrizio saioak, estimulazio kognitiboa, mindfulness saioak eta publikoarekin solasaldiak.
Halaber, honako gaiak landuko dira: aho osasuna, 50 urtetik aurrerako autozaintza, elikadura naturala, toxikoen eragina eta etxebizitza osasungarri eta jasangarriari buruzko proposamenak, bertzeak bertze.

Pabiloi honetan Hope! Estamos a tiempo dokumental sortako hainbat atal ere proiektatuko dira. Ingurumen erronkei aurre egiteko egiazko irtenbideak erakusten dituen proposamena da, Bioterraren izaera eraldatzailea indartuz.
Sukaldean
Gastronomia gunea Ficobako 2. pabiloian kokatuko da. Bertan, zuzeneko showcooking-ak eginen dira, lurretik platerera dagoen lotura erakutsiz: sukaldaritza agroekologikoa, sasoiko elikadura, hartzidurak eta haurren elikadura osasungarriaren hastapena, bertzeak bertze.

Gainera, aurten ere olio ekologikoari eskainitako gunea izanen da, aurreko edizioan izandako harrera onaren ondotik, eta egunero eginen dira dastatze gidatuak, gazta dastaketekin batera.

Eskuz Faktoria
Hirugarren pabiloian egokitutako Eskuz Faktoria izeneko tailer eremu honek proposamen ugari eskainiko ditu: kosmetika naturala, materialen birziklapena eta berrerabilera, diseinu jasangarria, bioplastikoak, landare basatiak, sormena eta ofizio tradizionalak.
Nabarmentzekoen artean daude Merka2dasoa bigarren eskuko bizikleten azoka eta Bioterra Yoga Day-ren hamargarren edizioa
Jarduera bereziak
Edizio honetako proposamen nabarmenen artean bi daude: Merka2dasoa bigarren eskuko bizikleten azoka, berrerabilera eta mugikortasun jasangarria sustatzen dituena; eta Bioterra Yoga Day-ren hamargarren edizioa, eguna energiaz hasteko saio irekia.


Sarrera eta jasangarritasuna
Bioterrara sartzea doakoa izanen da, eta sarrera online eskuratu ahal izanen da azokaren webgunean. Aparkalekua ere doakoa izanen da, baina antolatzaileek garraio publikoa edo mugikortasun jasangarria erabiltzea gomendatzen dute. Ficobak topo geltokia du arras gertu, eta oinez edo bizikletaz etortzea ere aukera erosoa da.
Gainera, Bioterra pet friendly ekitaldia da, eta, beraz, txakurrak ongietorriak izanen dira.
Interesa duten guziei Bioterraren webgunea bisitatzeko gonbidapena egin diete, 2026ko edizioko jarduera programa osoa ezagutzeko.