Nafarroako Itzuliko ortzeguneko eta larunbateko etapak eskualdetik pasatuko dira

Ttipi-Ttapa 2026ko maiatzaren 27a

Argazkia: Unax Etxarte.

Bihar hasi eta igandean bukatuko da Nafarroako Itzulia, eta lehenbiziko eta hirugarren etapetako kilometro aunitz eskualdean egin beharko dituzte txirrindulariek. Ikusi xehetasunak albiste barrenean.

Maiatzak 28, ortzeguna

Hiriberri/Arakil eta Oderitz/Larraun lotuko ditu Nafarroako Itzuliko lehenbiziko etapak. 143,2 kilometro egin beharko dituzte txirrindulariek, eta horietatik 50 baino gehiago eskualdeko herrietan izanen dira.

Zehazki, Orokietatik sartuko dira txirrindulariak eskualdera, Saldiasera, 15:45-16:00 aldera. Handik Beintza-Labaienera joanen dira, eta Urroztik pasatu ondotik, Doneztebeko bidea hartuko dute. Donezteben 16:10-16:25 aldera espero dituzte. Elgorriagatik pasatuta, Iturenera joanen dira segidan, eta handik Basakabira igo beharko dute, 16:45-17:00 aldera. Beheitirako bidea hartuko dute ondotik, eta Leitzara 16:50-17:00 aldera ailegatuko direla aurreikusi dute. Handik Uitzira joanen dira txirrindulariak.

Maiatzak 30, larunbata

Erratzu eta Urdazubi lotuko dituen etapa izanen da larunbatekoa. 148,1 kilometro izanen ditu denetara eta eskualdean eginen dituzte guztiak. 13:30 baino lehentxeago abiatuko dira Erratzutik txirrindulariak, eta Arizkundik pasatuta, Elizondo aldera joanen dira. Gero, Oronoz pasatu beharko dute eta handik Bertizaranan barna, Doneztebeko bidea hartuko dute. 14:00 aldera Donezteben izanen direla adierazi dute.

Handik Elgorriaga aldera joanen dira, eta Zubieta pasatu ondotik, Saldiasko bidea hartuko dute. 14:30 alderako hantxe izanen direla aurreikusi dute. Beintza-Labaien izanen dute hurrengo herria, eta handik Doneztebera joanen dira. Bertizaranatik pasatuta, Baztango lurretan sartuko dira berriz, eta Otsondo izanen dute hurrengo helburua, 15:30-15:45 aldera. Eskisaroitik, Bagorditik eta Orabidetik pasatuta, Dantxarinera joan beharko dute. Urdazubin akituko da etapa, eta hori 17:20-17:45 aldera izatea espero dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun