Heldu den ikasturtetik aitzinera NUPek euskarazko titulazio berri bat eskainiko du. Hizkuntza politiketan aditu izateko titulua izanen da, eta Nafarroako Gobernuaren eta Euskarabidearen ekimenez sortu dute. Horretarako, hitzarmena sinatu berri dute Ana Ollok, Nafarroako Gobernuko Memoria eta Bizikidetza, Kanpo Ekintza eta Euskara kontseilari eta lehendakariordeak, eta Javier Goikoetxeak, NUPeko Irakaskuntzen errektoreordeak.
Titulazio berri honen izenburua Euskara gizartean sustatzeko eta biziberritzeko planifikazio linguistikoa da eta 15 ECTS kreditu izanen ditu. 2026-2027ko ikasturterako eskaintzan sartuko dute eta ikasgaiak euskaraz emanen dituzte osorik. Euskarabidea institutuaren ekimenez sortutako titulazioa da, eta helburutzat izanen du euskara sustatuko duten adituak prestatzea: «Hizkuntza politika planifikatzeko prestakuntza tekniko egokia duten langileak behar dituzte erakunde publikoek».
Memoria eta Bizikidetza, Kanpo Ekintza eta Euskara Departamentuaren arabera, kudeaketa linguistikoa «gero eta beharrezkoagoa» da Nafarroako erakunde publikoentzat, izan publiko edo pribatu, «eta kudeaketa hori egiteko nahitaezkoak dira langile kualifikatuak, euskararen sustapena era egokian landu dezaten».
Hizkuntza planifikazioaren eta euskararen sustapenaren arloetan lan egiten duten profesionalentzako ikastaroa izanen da. Eskola guztiak euskaraz emanen dituzte, aurtengo azaroan hasita, 2027ko ekainera arte, eta online egiteko aukera ere emanen dute.
Irakaskuntza edukiak sei modulutan sailkatuta daude: (1) Soziolinguistika, hizkuntza politika eta hizkuntza plangintza; (2) Euskararen historia soziala eta bilakaera; (3) Euskararen eraentza juridikoa; (4) Erakunde publikoetako hizkuntza kudeaketa; (5) Euskararen sustapena arlo sozioekonomikoan; eta (6) Euskararen sustapena eremu ez-formalean.
Matrikula irekita dago NUPen webgunean egin daiteke eta Nafarroan erroldatutako ikasleek hobaria izango dute matrikulan.