Polipo izeneko lesio baten ondorioz hertze lodian edo ondestean sortzen den tumore gaiztoa da koloneko minbizia, minbizia tumorerik ohikoenetako bat Nafarroan.
Hauta90 programaren helburua horri erantzutea da. 50 eta 69 urte bitartean dituzten Nafarroako herritarrei zuzendutakoa da eta ez da hitzordurik hartu behar, bakoitzak proba egiteko gonbidapena etxean edo osasun zentroan hartuko baitu. Proba edo test horrek kakan odolik ote dagoen ikusteko balio du, baina emaitza positiboa izateak ez du erran nahi minbizia denik. Nafarroako Gobernuaren arabera, proba egiten duten mila pertsonetatik 45 inguruk testean positibo ematen dute, baina horietako bietan baieztatzen dute minbizia. Odoljarioaren jatorria ezagutzeko, kolonoskopia bat egin behar izaten da eta orduan ateratzen da emaitza.
Horrekin batera, gobernuak oroitarazi du «garaiz detektatuz gero, kasuen % 90 sendatzen» direla. Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuak helburu horrekin paratu zuen duela urte batzuk martxan aipatutako programa, eta horri esker, herritarrek testa debalde egiten ahal dute. Bidenabar, zenbait argibide ere eman ditu:
- Ez egin proba hemorroideak odoletan badituzu eta hilekoarekin bazaude. Hala bada, ez egin proba hiru egun pasatu arte odol galtzerik gabe.
- Ez nahasi kaka pixarekin.
- Proba egin aitzinetik ez duzu baraurik egon behar, ezta dieta berezirik egin behar ere.
- Botikak ohi bezala har ditzakezu, ez baitiote probari eragiten.
- Ez edan hodian dagoen likidoa. Likido horrek ahoa, begiak edo azala ukitzen badizkizu, berehala garbitu ur aunitzekin eta, beharrezkoa iruditzen bazaizu, jo ezazu zure ohiko sendagile edo farmazialariarengana.
- Gorde hodia haurrek ez hartzeko moduko tokian.
- Proba galduz gero edo proba egitean zernahi gorabehera gertatuz gero, jakinarazi programako arduradunei .