Ainhoarrak berdez, beratarrak urdinez, etxalartarrak laranjaz, saratarrak xuriz, urdazubiarrak gorriz eta zugarramurdiarrak arrosez. Herri bakoitzaren bereizgarri, halaxe atera ziren partaideak larunbatean Beran egindako Herri Haitadan.
Goizeko lehenbiziko hitzordua bote luzeko partiduekin egin zuten. Goiz osoan aritu ziren pilotan, eta jende aunitz bildu zen ikustera. Baina hori baino gehiago ere izan zen. Eguerdian, nesken partiduko finalaren aitzinetik, berriki zendu den Zugarramurdiko Eneko Pelletrat omendu zuten, bera izan baitzen bote luze eta Herri Haitadako bultzatzaileetako bat. Emaztea eta alaba han zirela, bertso hunkigarriak kantatu zituen Ellande Alfarok, eta ondotik, txalo zaparrada artean, finaleko ohorezko sakea emazteak egin zuen.
Horrez gain, goizean, bizikleta proba egin zuten taldeka, eta ondotik, lasterka atera ziren herri bakoitzeko partaideak. Proba horiek bukatuta, Irats taldeko trikitilariek girotu zuten Toki Onako estalpea, eta aipatu behar da, egun osoan, kiroldegi aitzineko eremuan, ostatua irekia izan zela, eta Labiaga Ikastolako gurasoek taloen postua eta Ricardo Baroja eskolakoek pintxoen, bokaten eta postreen postua paratu zutela.
Muslariek ere nahiko lan izan zuten, bakoitzak bere herria defendatzen, eta bertso saioan, umoretik aritu ziren kantari herri bakoitzeko ordezkariak. Haien ondotik, herri kirol probak hasi ziren, eta kolore besta polita egin zuten sokatiran, ingudearekin, arpanarekin eta aizkorako proba bereziarekin. Bitartean, sukaldaritza probarako lan eta lan aritu ziren herrietako sukaldariak, eta segidan, dantza emanaldiak hasi ziren. Kultur Quizz lehiaketarekin borobildu zituzten probak.
Gainerakoan, arratsaldean Berako Maitagarriak txaranga giroa alaitzeaz arduratu zen, eta arratsean, Seaskako lagunek prestatutako afarian, 400 lagun bildu ziren. Eguna bukatzeko, DJ Perryrekin dantzan aritzeko aukera izan zuten.