Baztango, Bortzirietako eta Malerrekako 'Babesgune terapeutiko egonkorra' proiektua saritu dute

Ttipi-Ttapa 2026ko maiatzaren 25a

FEMPk eta Genero Indarkeriaren Aurkako Gobernu Ordezkaritzak aitortza egin zioten proiektuari Emakumeen aurkako Indarkeriaren kontrako Tokiko Jardunbide Egokien Lehiaketaren X. edizioan

Baztango Udalak, Bortzirietako Berdintasun Zerbitzuak eta Malerrekako Mankomunitateak Babesgune terapeutiko egonkorra: indarkeria matxistaren biktima eta biziraule diren emakumeendako laguntza psikoedukatiboa eta musikoterapeutikoa izeneko proiektua sortu zuten, «landa eremuko indarkeria matxistaren biktima eta biziraule diren emakumeen erreparaziorako eskubidea bermatzeko».

Proiektuak «arreta kolektibo bikoitza» eskaintzen du gizarte hezitzaile eta musikoterapeutaren bidez, «landa eremuaren berezko errealitateari erantzun nahian: sakabanaketa geografikoari, garraio publikoaren gabeziari, Iruñean zentralizatutako baliabide espezializatuei eta horrek dakartzan sarbide zailtasunei, kontziliazio arazoei eta herri ttikietan indarkeria matxista sufritzen duten emakume aunitzek pairatzen duten isolamenduari».

Ekimena eskualdeko hiru herritan egiten dute, «irisgarritasuna errazteko», eta haurren zaintza zerbitzua eta erakundeen artean koordinatutako garraio sistema eskaintzen diete. Saioa bakoitzak «koordinazio tekniko eta logistiko handia eskatzen du gizarte zerbitzuen, berdintasun zerbitzuen, profesional espezializatuen eta osasun zerbitzuen artean».

Hezkuntza saio espezializatuen eta musikoterapiaren bitartez, «autoestimua, autozaintza, emozioen kudeaketa, amatasuna, botere harremanak eta suspertze pertsonala bezalako gaiak» landu dituzte. Metodologiak «ikuspegi feminista, giza eskubideen ikuspegia eta ikuspegi intersekzionala uztartzen ditu, talde bakoitzaren behar eta bizipenetara egokituz».

Lortutako emaitza nagusien artean daude «isolamenduaren murrizketa, ongizate emozionalaren hobekuntza, elkarri laguntzeko sareen indartzea eta erakundeekiko konfiantzaren handitzea». Proiektuaren eragin esanguratsuenetako bat «ASKE Elkartearen sorrera izan da. Indarkeria matxista biziraun duten emakumeek osatutako elkarteak laguntza, sentsibilizazio, prestakuntza eta gizarte zein arlo teknikoko ekintzak garatzen ditu».

Tokiko Jardunbide Egokien Lehiaketaren X. edizioan, FEMPk eta Genero Indarkeriaren aurkako Gobernu Ordezkaritzak proiektua saritu zuten. Azpimarratu zutenez, «tokiko eta landa eremutik egindako lan koordinatuaren balioa berresten du eta, aldi berean, hiri handietatik kanpo bizi diren emakumeen errealitateetara egokitutako baliabide espezializatuak, irisgarriak eta kalitatezkoak bermatzeko beharra ikusarazten du».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun