Joxean Etxeberria zigatarra eta Eneko Saralegi lehen mailan segitzeko aurrez aurre izanen dira Dantxarinean

Ttipi-Ttapa 2026ko maiatzaren 22a

Joxean Etxeberria zigatarrak lehen mailan segitu nahi badu Saralegiren kontrako kanporaketa irabazi beharko du igande eguerdian Dantxarinean. Argazkia: Ondikol

Nafarroako lehen mailako aizkolari txapelketako jautsiera kanporaketa jokatuko dute igande eguerdian

Nafarroako lehen mailako aizkolari txapelketako jautsiera kanporaketa jokatuko dute Zigako Joxean Etxeberriak eta Eneko Saralegik maiatzaren 24an, igandean 12:00etan Urdazubin, Dantxarineko bentetako parkinean. Mendekoste eguna ospatzen dute igandean Dantxarinean, baina lehen mailari eusteko hil ala biziko lehia izanen dute bi aizkolariek. Bosna enbor moztu beharko dituzte, bi kanaerdiko, bi 60 ontzako eta oinbiko bat.



Joan den urteko urriaren 11n Nafarroako lehen mailako aizkolari txapelketaren kanporaketa jokatu zen. Printzipioz, kanporaketan sailkaturiko azken bi aizkolariak maila galtzen dute, baina Joxean Etxeberriak ez zuenez aipaturiko kanporaketan parte hartu (medikuaren agiria aurkeztuz), azken aurreko sailkatuak, Eneko Saralegik, jaitsiera kanporaketa bat eskatzeko aukera zuen, eta halaxe egin zuen.

Beraz, bi aizkolari hauen arteko jautsiera kanporaketa jokatuko da maiatzaren 24an. Bertan erabakiko da zeinek mantentzen duen maila eta zein jausten den bigarren mailara.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun