Gazara laguntza humanitarioa eramateko helburua zuen Global Sumud Flotillaren azken saiakera alde batera utzi du Israelgo armadak. Astelehen goizean hasi zen Israelgo armada flotillako ontziak harrapatzen eta barrenean zihoazen ekintzaileak bahitzen. Hegoa baztandarra zihoan Atlantic Blue itsasontzia, adibidez, astelehenean harrapatu zuten, eta asteartean, Luka Remiro beratarra zihoan Elengi ontzia. Israelen esku atxilotuak egon dira geroztik eta azken egunotan bahitutako flotillako kideen kontrako tratu txarrak salatu dituzte; bertzeak bertze, sexu jazarpena, sexu abusuak eta jipoiak salatu dituzte flotillako kideek.
Atzo utzi zituzten libre guztiak eta Euskal Herriko sei ekintzaileei ongietorria egitekoa zieten gaur goizean Bilboko aireportuan. Baina alde batera utzi behar izan dute ekitaldia. Euskal Herriko bi ekintzaile Turkian ospitaleratua daude hartutako kolpeen ondorioz, eta bertze laurek, tartean, Lukak eta Hegoak, han gelditzea erabaki dute haien esperoan.
Apiril erditsuan atera ziren Global Sumud Flotillako itsasontziak eta ehunka ekintzaile Bartzelonatik; tartean, Luka Remiro beratarra eta Hegoa baztandarra. Apirilaren 29ko arratsean, ordea, ontziak geldiarazi eta ekintzaileak atxilotu zituen Israelgo armadak; eta horien artean zen beratarra. Handik bi egunetara utzi zituzten libre eta dena berrantolatuta, berriz ere Gazako bidea hartu zuten joan den astean Turkiatik. Baina aste honetan, astelehenean eta asteartean, denak harrapatu zituen Israelek.
Asteartean, Israelgo armadak Luka Remiro beratarra zihoan Elengi ontzia geldiarazi zuteneko momentua.
