Abizenak euskalduntzeko kanpaina abiatu dute hainbat udalek

Ttipi-Ttapa 2026ko maiatzaren 24a

Abizenak ofizialki euskal grafiaz idazteko kanpaina abiatu du aurten ere UEMAk.

Apecechea, Berastegui, Irazoqui, Lacunza, Arregui, Goicoechea, Garciandia, Ochandorena, Razquin, Echeguía, Michelena... Nafarroan ere aunitz dira oraindik erdarazko grafiaz idazten diren euskarazko abizenak. Abizena ere euskaraz kanpainarekin, herritarrek abizenak era ofizialean euskaraz jartzea sustatu nahi dute, eta horretarako, zein pauso eman behar diren azalduko dute kanpainaren bitartez UEMAren parte diren Nafarroako udalek: Araitz, Arantza, Arano, Arbizu, Areso, Arruazu, Bakaiku, Basaburua, Baztan, Bera, Donamaria, Doneztebe, Etxalar, Etxarri-Aranatz, Goizueta, Igantzi, Ituren, Lakuntza, Larraun, Leitza, Lekunberri, Lesaka eta Urdiain.

UEMArekin elkarlanean ekin diote 'Abizena ere euskaraz' kanpainari mankomunitateko Nafarroako 23 udalerrietan

Deialdia bereziki guraso izateko bidean direnei edota 18 urtetik beheitiko seme-alabak dituztenei egin diete. Izan ere, helduek abizenak euskal grafiarekin jartzeko tramitea eginez gero, seme-alabei automatikoki abizena behar bezala erregistratua geldituko zaie.

 

Tarteka egin behar izaten den kanpaina

Nafarroako UEMAko kide diren herrietan ez ezik, bertze zenbait lekutan ere egin izan da abizenak euskalduntzeko kanpaina lehenago ere, beraien kabuz. Kanpaina ez da berria, beraz, baina tarteka eginda ere, eta hainbat herritarrek abizenak euskaratzen dituzten arren, oraindik ere aunitz dira agiri ofizialetan eta gainerakoetan abizenak erdal grafiaz dituzten herritarrak, eta badira abizena erdal grafiaz idazteko ohitura duten herritarrak ere.

Tramitea eginez gero, 18 urtez beheitiko seme-alabei automatikoki erregistratuko zaio

UEMAk argi du horren gibelean zer dagoen: hainbat urtez euskarak jasandako jazarpena. Izan ere, euskara ez ezik, izenarekin batera izana ere ukatu zitzaien euskaldunei, eta abizenak erdal grafiarekin idaztera behartu zuten belaunaldi bat baino gehiago. Horrela heldu da abizen ugari belaunaldi berriengana, eta gaur egun ere euskal abizen ugari erdal grafiaz ikusten da agiri ofizialetan. Horregatik, UEMArentzat, euskarari dagokiona itzultzeko modua da euskal abizena behar bezala idaztea, euskaraz.

UEMAz eta udalez gain, beste zenbait eragilek ere egin dute abizenak euskaratzeko kanpaina azken urteotan. Agerraldiak egindako Abizenak badu izana, erraterako, horren erakusle da. 

Abizenak euskalduntzeko behar diren agiriak

Euskal abizenak izanez gero, baina agiri ofizialetan erdal grafian idatzita badaude, Euskaltzaindiaren euskal deituren izendegia kontsulta daiteke: labur.eus/euskaltzaindiadeiturak

Aldaketa erroldatutako udaletxeko Erregistro Zibilean edo Bake Epaitegian egin daiteke. Batean zein bertzean, hauek dira aurkeztu beharreko agiriak:

  • Nortasun Agiriaren fotokopia.
  • Jaiotza ziurtagiria. Erregistratuta zauden herriko udaletxean edo epaitegian eskatu behar da. Online ere eska daiteke hemen.
  • Errolda agiria. Udalean bertan ala online eska daiteke. 

Aldaketak egiteko lekuak, herriz herr

  • Arano: udaletxean (asteazkenetan 8:30-10:30).
  • Arantza: udaletxean (11:00-14:00).
  • Areso: astelehen, asteazken eta ostiraletan 9:00-14:30, eta astearte eta ostegunetan 9:00-13:30, udaletxean.
  • Baztan: Bake Epaitegian hitzordua telefonoz eskatuta: 948 45 22 44 (09:30-13:30).
  • Bera: egunero Bake Epaitegian (09:30-13:30).
  • Donamaria: udaletxean (asteazkenetan 08:00-1:500).
  • Doneztebe: udaletxean (ortzegunetan 10:00-11:30.
  • Etxalar: udaletxean (09:00-14:00).
  • Goizueta: udaletxean (09:00-12:30).
  • Igantzi: udaletxean (09:00-14:00).
  • Ituren: udaletxean (12:00-14:00).
  • Leitza: Bake Epaitegian (09:00-14:00).
  • Lesaka: udaletxean (08:30-14:00).

Iñigo ITURRALDE ELIZETXE, Baztango zinegotzia:

«Zabarkeriagatik ez dugu aldatzen»

«Oraindik prozesuan nago, bigarren abizena Eliceche idaztetik Elizetxe idaztera pasatzeko. Abizenak euskaraz jartzeko asmoa beti izan dut, baina gauza bat dela, bertzea dela, ez nuen aitzinera egiten. Honetakoan, euskara teknikariarekin solas egin eta erabaki dut aitzinera egitea. Bidea ez da zaila, momentuan bake epaitegira joan naiz, han egiten dituzte egin beharreko tramiteak eta orain, Balleko Etxerat etortzen dira hilabetean behin polizia nazionalak eta beraiekin hitzordua hartu beharko dut. Abizena ez aldatzearen arrazoia, gehienetan, zabarkeria punttu bat izaten da, egunerokoan hainbertze gauza izaten ditugu egiteko eta gibelera uzten dugu. Kasu batzuetan, aditu izan dut, beraiek horrela jaso dituztela abizenak eta horrela segitu nahi dutela, horrela transmititu nahi dutela. Tradizioaren izenean. Abizen euskaldunak dituztenei abizen horiek euskaraz idazteko pausua ematera animatu nahi nieke, azkenean, abizenak orain modu batera idazten ditugu, baina garai batean jakitera nola idazten ziren. Orain aukera daukagu eta administrazioaren aldetik erraztasunak ditugu, beraz, aprobetxatu. Animatu eta aldatu, ez da halako lan handia ere, nahiko erraz egiten da».

 

Ladis SATRUSTEGI ALTZUGARAI, Lesakako alkatea:

«Euskararen normalizaziora bidean pauso bat gehiago da»

«Badira urte batzuk abizenak euskaratzearen kontua burutik bueltaka nuela, baina beti gibelean gelditu zaidan kontua izan da. Ttikitatik ohituratu izan naiz horrela idatzi eta ikustera, eta Lesakan ere bi modutara maiz ikusi izan dut Altzugarai edo Alzugaray idatzita, beraz, normalizatu izan dut hau. Duela urte batzuk ikuspegia aldatu eta bertze batzuekin kontzientziazio lana egitearekin batera, neure buruari ere aplikatu diot lan hau. Alaba bat izateak ere eragina izan du. Hizkuntza guziek dituzte bere ortografia eta idazteko modua. Euskarak ere bere modua du idazteko, baita abizenetan ere. Hizkuntza bakoitzaren arauak errespetatzea da logikoena. Zalantzan dabiltzanei, edota alferkeria kontu batengatik aldatu ez dutenei aipatuko nieke tramitea di-da batean egiten dela. Udaletxeko erregistro zibilean laguntza handia eskaini didate eta erraz egiten da dena horrela. Azkenik, euskara mehatxatuta ikusten dugun garai hauetan, horrelako aldaketa ttikiek gure hizkuntza babestu eta indartzen laguntzen dutela pentsatu nahi dut. Tontakeria bat den ekintza hau norberaren kontzientziatik jaiotzen bada, aitzinera pauso bat gehiago da euskararen normalizaziora bidean». 

 

Mikel SAGASTIBELTZA EGUES, leitzarra:

«Gure nortasuna eta izaera erakusteko urratsa da»

«Prozesua bukatua dut eta dokumentazio ofizial guztietan ageri zait Sagastibeltza Egues, lehengo Sagastibelza Egüesen ordez, lehengo urteko irail bukaeran eskatu nuen eta azaroan iritsi zitzaidan jaiotza agiria. Nortasun Agiria berritzea orduan egokitu zitzaidan eta arazorik gabe egin nuen, euskarazko abizenekin. Prozesu erraza da. Hainbeste txartel izaten ditugu eta horiek aldatzeko tramiteetan ez hasteagatik, jendeak ez du egiten eta beste batzuk, berriz, ez diote halako garrantzirik ematen abizenak idazteko moduari. Baina orain egindakoa gerorako ere egina gelditzen da, seme-alabentzako abizena euskaraz idatzia geldituko da. Askotan esan izan diot aitari, ea bera zergatik ez zen saiatu, baina beste garai batzuk ziren eta orain errazagoa da, administraziotik ongi bideratua dago. Jendeari animatzeko esanen nioke. Euskararen egoera ez da erraza izan orain arte, orain ere ez, eta gure nortasuna eta izaera erakusteko gero eta urrats gehiago eman behar ditugu. Hau da horietako bat. Euskaldunak izanik, pauso txiki bat da abizena euskarazko grafiara aldatzea, baina horrek erakusten du, edozein lekutara joaten zarenean, zure abizena euskalduna dela eta zu euskalduna zarela».

 

Iasone FRESNEDA ETXEBERRIA, Doneztebeko zinegotzia:

«Hagitz interesgarria iruditzen zait kanpaina»

«Nire kasuan bigarren abizena euskaraz ofizialki idazteko prozesua abiatu dut. Aspaldian burutan nuen eta orain aukera sortu zait. Familiako batzuk lehenagotik egina zuten, baina ez nuen kanpaina honen berririk. Jendea ohitua dago/gaude abizenak 'betiko' moduan ikustera eta ez dago informazio sobera. Horregatik hagitz interesgarria iruditzen zait kanpaina hau eta abizen euskalduna duten guztiak animatu nahi nituzke horiek euskaraz idaztera. Nire idatzietan eta beti euskaraz idazten nuen Etxeberria, baina egia da orain arte agiri ofizialetan beti Echeverria izan dut. Hori modu ofizialean aldatzeko ordua zen eta pauso horiek ematen hasi behar dut orain, bake epaitegira joan, nortasun agiria berritu… Nire kasuan, bi seme-alaba adinez nagusiak dira eta, gainera, laugarren abizena da beraientzat, baina lehenbizikoa Arocena agertzen zaie eta Arotzenara aldatzeko asmoa dute. Nire alaba gazteenak, berriz, 17 urte bakarrik dituenez, ez du tramiterik egin beharrik izanen. Abizena euskaratzeko zalantzak dituztenei animatzeko erranen nieke, ez da konplikazio eta harat-honat aunitzeko tramitea, eta borondatea pixka bat bakarrik behar da». 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun