[ARGAZKIAK] Eskualdeko sei lagunek egin dute Zegama-Aizkorri lasterketa

Ttipi-Ttapa 2026ko maiatzaren 19a

Batzuek lehenbiziko aldiz egin dute lasterketa, eta bertzeek aitzineko aldietako esperientzia probestu dute. Ane Elzaurdia Mentaberri eta Beñat Mitxelena Sagastibeltza beratarrek, Hodei Lujanbio Apezetxea, Aitor Aizkorbe Jimenez eta Cristobal Hernandez Gil goizuetarrek eta Iban Bengoetxea Cousillas leitzarrak egin zuten igandean Zegama-Aizkorri lasterketa, 42 kilometroko maratoi ezaguna. Haiekin mintzatu da TTIPI-TTAPA.

Lasterkariak Denbora
Hodei Lujanbio Apezetxea (Goizueta) 04.31.30
Aitor Aizkorbe Jimenez (Goizueta) 04.34.26
Iban Bengoetxea Cousillas (Leitza) 05.28.53
Ane Elzaurdia Mentaberri (Bera)  06.09.05
Beñat Mitxelena Sagastibeltza (Bera) 06.14.10
Cristobal Hernandez Gil (Goizueta) 06.41.02

 

Hodei Lujanbio Apezetxea: «Asteburu bikaina izan da niretzat»

Asteburua ederki borobildu du Hodei Lujanbio Apezetxea goizuetarrak. Larunbatean etxean aritu zen lasterka. Goizutrail lasterketan parte hartu zuen, hamar kilometroko ibilbide motza eginez. Eta parte hartu bakarrik ez, irabazi ere egin zuen. Biharamunean, berriz, Zegama-Aizkorri lasterketan atera zen, bostgarren urtez segidan. 

Badu kontent egoteko nahiko arrazoi, eta igandean Zegama-Aizkorrin egindako lanarekin «oso gustura» gelditu zela aitortu du: «Orain arteko nire denborarik onena egiteaz gain, lasterketa osoan indarrak ongi neurtu eta bukaerara indartsu ailegatzea lortu nuen». Ez hori bakarrik: «Ez nekien aurreko egunean Goizutrailen parte hartu izanak nola eraginen zidan, eta esan dezaket kalte handirik behintzat ez zidala egin, agian lagungarri izan nuen hurrengo egunean Zegaman presiorik gabe eta motibaturik ateratzeko». Bateko eta besteko, «asteburu bikaina» izan dela gehitu du: «Bi lasterketak egin nahi nituen, eta biak oso ongi atera zaizkit». Gainera, «igandean Zegama-Aizkorrin egindako denborarekin, espero dut beste bi urtetarako dortsala aseguratu izana».

 

Aitor Aizkorbe Jimenez: «Nire lehenbiziko aldia izan da eta oso kontent nago»

Maratoi batean sekula ibili gabea zen Aitor Aizkorbe Jimenez goizuetarra eta ez du lasterketa makala aukeratu estreinaldia egiteko: Zegama-Aizkorri. Aitortu duenez, «maratoi batean lehenbiziko aldia izateko eta gainera, Zegama-Aizkorrin, oso kontent nago». Ez da gutxiagorako: lau ordu eta erdi pasatuan osatu zuen 42 kilometroko ibilbidea.

 

Iban Bengoetxea Cousillas: «Esperientzia ikaragarria izan da»

Iban Bengoetxea Cousillas leitzarrak ezaguna zuen lasterketa, zortzi aldiz egin baitu. Errepikatzea bada zerbaiten seinale, eta aurtengoan ere kontent gelditu da: «Pozik nago egindako lanarekin eta minik hartu gabe bukatu nuelako». Gehiago ere kontatu du: «Kristoren jendetza zegoen eta esperientzia ikaragarria izan zen».

 

Ane Elzaurdia Mentaberri: «Izugarri disfrutatu nuen»

«Hagitz kontent». Zegama-Aizkorri lasterkaren biharamunean, halaxe mintzatu zen Ane Elzaurdia Mentaberri beratarra TTIPI-TTAPArekin. Aldi honetan bera izan da eskualdeko emakumezko bakarra. Gainerakoan, ezaguna zuen lasterketa, joan den urtean egin baitzuen lehenbiziko aldiz, eta orduan ere gustura gelditu zen egindako lanarekin. Halaxe izan da aurten ere, igandean «izugarri disfrutatu» zuela onartu baitu.   

 

Beñat Mitxelena Sagastibeltza: «Aunitz sufrituta, baina lasterketan disfrutatu nuen»

Beñat Mitxelena Sagastibeltza beratarrak lehenbiziko aldia izan du Zegama-Aizkorri lasterketan. Lasterkari aunitz gelditzen dira karrera ezagun honetan parte hartzeko dortsalik gabe. Mitxelenak, ordea, hasieratik izan du suertea: «Aurten apuntatu naiz lehendabiziko aldiz zozketan eta tokatu zait». Esplikatu duenez, bere «helburu nagusia bukatzea» zen, eta hori lortuta, kontent dago egindakoarekin: «Aunitz sufrituta, baina disfrutatu egin nuen».

 

Cristobal Hernandez Gil: «Oso gustura gelditu nintzen egindako lanarekin»

Zegama-Aizkorri egin duten eskualdeko sei lasterkaritik hiru goizuetarrak izan dira. Eta horietako bat izan da Cristobal Hernandez Gil. Lehenbiziko aldiz egin du aurten: «Orain arte ez dut korritzerik izan, eta aurten suertatu da lasterketa barrutik bizitzeko aukera». Emaitzarekin gustura gelditu da: «Nire mailaren arabera, gustura gelditu nintzen egindako lanarekin. Beste bi benetako goizuetarren denboratik urruti, baina nire erronkak betez».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun