Guttieneko pentsioa guttieneko soldatarekin paratzeko eskatzeaz gain, bertze hainbat borroka gogoan izan dituzte pentsiodunek

Ttipi-Ttapa 2026ko maiatzaren 19a

Bi taldetan banatuta egin zuten atzo elkarretaratzea, Guardia Zibilak hala erranda.

Maiatzeko elkarretaratzea atzo Elizondon egin zuten Baztan-Bidasoko pentsiodunek. Guardia Zibilak hala erranda, bi taldetan banatuta egin zuten, baimenik ez zela eta, eta 28 lagun bildu ziren Elizondoko plazan.

‘Guttieneko pentsioa = guttieneko soldata’

Pankartako leloa hartuz, Guttieneko pentsioa= guttieneko soldata aldarria aipatuz hasi zuten atzoko hitzordua, nahiz eta «bertze gaiek ere pareko garrantzia» dutela oroitarazi zuten: «Batzuk munduko errespetuzko elkarbizitza nahasten ari diren bitartean, bertze batzuk negozioa egiteko probesten dute egoera, eta hurbileko agintariak despistatuak edo noraezean daude. Arlo zenbaitetan agertzen da publikoaren eta pribatuen ateko talka, eta ederki kostako da publikoaren aldera iraultzea».

Hori erranda, euren aldarria azpimarratu zuten. Alde batetik, EAEn  guttieneko pentsioa guttieneko soldatarekin parekatzeko egindako «lan itzela» txalotu zuten, baina «Eusko Jaurlaritzako alderdiek 145.142 lagunek sinaduren bidez eskatutakoa zokoratu zuten». Hala ere, lanean segitzen dutela erran zuten atzo, eta «Pentsiodunen Mugimenduko ordezkaritza batek Pradales lehendakariari gutuna helarazi dio eskakizuna eztabaidatu eta onartu dezaten». Nafarroan, berriz, 2027ko aurrekontuak prestatzen hasitakoan, «guttieneko pentsioa guttieneko soldatarekin parekatzeko eskaera planteatuko dela» aipatu zuten.

Atzo Elizondoko plazan ateratako argazkia. 

Zaintza

Zaintzari dagokionez, Denon Bizitzak Erdigunean dinamikak 2027ko apirilaren 17rako antolatu duen manifestazioa hartu zuten hizpide, «denbora dezente falta» bada ere, «motorrak berotzeko».

Osasun sistema

Osasun sistemaz ere aritu ziren, eta bertzeak bertze, «Baztan aldean medikuen plazan ezin egonkortuz segitzen dutela» salatu zuten. Baztango Osasun Plataformak elkarretaratzeak egiten segitzen duela ere adierazi zuten, eta hurrengoa ekainaren 3an Elizondoko plazan izanen dela.

Bertzetik, eztabaida fasean dagoen Nafarroako Osasun Lege berriaren proiektuak «osasun sistema publiko duinaren aldeko joera hartzen badu, berebiziko garrantzia» izanen duela azpimarratu zuten; «Bertzela, karriketan borrokan segitu beharko dugu». Gai horri lotuta, maiatzaren 25ean Elizondon, EH Bilduk bere proiektuaren aurkezpena eginen duela ere erran zuten.

Palestina gogoan

Eta ohi bezala, Palestinaz oroituz bukatu zuten atzoko agerraldia. Flotillan doazenak gogoan hartu zituzten, eta sionismoak «sobera konplize» dituela kritikatu zuten: «Zenbait gobernu, gure inguruko banku handienak, merkatu handien saltzaileak, Israelekin kontratuak dituzten enpresak, Euskal Herriko administrazioek ere ez dituzte alde batera uzten sionistekin dituzten harremanak… ».

«Palestinaren eta herri guzien askatasuna, eta jende guzien eskubideak errespetatzeko» eskatuz borobildu zuten atzo maiatzeko elkarretaratzea. Hurrengoa ekainaren 15ean Beran eginen dute Baztan-Bidasoko pentsiodunek.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun