Nafarroako launakako pisu arinen sokatira txapelketetako podiumera ez da eskualdeko talderik igo

Ttipi-Ttapa 2026ko maiatzaren 19a

Emakumeen 240 kiloko kategoriako podiumen, Txantrea A, Txantrea B (Garazi Migeltorena lesakarrarekin) eta Berriozar.

Nafarroako 4x4 sokatira txapelketa apirilaren 18an abiatu zen Antsoainen eta Donezteben banatu zituzten pisu astunetako txapelak (Berriozar izan zen txapeldun gizonezkoen 320 kilokoan eta Txantrea emakumeen 255 kilokoan). Astebeteko atsedenaldiaren ondotik, pisu arinetan lehiatzen hasi ziren maiatzaren 9an Betelun eta maiatzaren 16an banatu dituzte txapelak Elizondoko Juanjo Atxa pilotalekuan. Emakumeen 240 kilokoan eta gizonezkoen 300 kilokoan ez da eskualdeko talderik igo podiumera. Beti Gazte laugarren izan da gizonezkoetan eta Amaiur seigarren emakumeetan.

Emakumeen 240 kilokoan, lehenbiziko saiotik aldaketa aunitz izan ziren Elizondon. Halere, azken sailkapenean Txantreako bi taldeak izan ziren onenak. Bigarren egin zuen Txantrea B taldean Garazi Migeltorena lesakarrak tiratu zuen. Hirugarren postua Berriozarrek eskuratu zuen. Elizondon bigarren izan arren, azken sailkapenean laugarren izan zen Araxes, bosgarren Antsoain A, seigarren Amaiur eta zazpigarren Antsoain B.

Emakumezkoetan ez bezala, gizonezkoen 300 kilokoan Beteluko emaitzak errepikatu ziren Elizondon ere eta, horrela, Berriozar izan da txapeldun, Txantrea A bigarren, Txantrea B hirugarren, Beti Gazte laugarren eta Antsoain bosgarren.

Gizonezkoen 300 kilokoan, Berriozar txapeldun, Txantrea A bigarren eta Txantrea B hirugarren.

Kadete mailako 4x4 sokatira txapelketako lehen jardunaldia jokatu zen Elizondon. Antsoain izan zen lehena, Basaburua A bigarren, Basaburua B hirugarren, Antsoain B laugarren, Antsoain C bosgarren, Berriozar A seigarren eta Berriozar B zazpigarren.

 

Txapelketa mistoa maiatzaren 30ean San Martin Unxen

Berriz ere aste beteko atsedenaldiarekin ondotik, maiatzaren 30ean, San Martin Unxen, Nafarroako launakako sokatira txapelketako azkena, txapelketa mistoa, jokatuko dute, 280 kiloko kategorian. Antsoain, Araxes, Berriozar A-B, Beti Gazte eta Txantrea A-B-C lehiatuko dira. Kadeteen txapelketako bigarren jardunaldia ere bertan jokatuko dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun