40 urte bete dituen Nafarroako EHNE sindikatuaren zortzigarren kongresua eginen dute maiatzaren 30ean

Ttipi-Ttapa 2026ko maiatzaren 19a

Javier Oses, Fermin Gorraiz, Patxiku Irisarri etxalartarra eta Diego Alonso, EHNE-Nafarroako batzordeko kideak.

EHNE Nafarroak VIII. Kongresua eginen du maiatzaren 30ean Iruñeko Kondestable Jauregian. Sindikatuak gogoratu duenez, «aurten 40 urte beteko dira gure sindikatua sortu zenetik. Hain zuzen ere 1986ko martxoaren 7an Lan eta Gizarte Segurantza Ministerioan inskribatu zen. Hilabete batzuk lehenago, 1985eko azaroaren 24an, Asociación de Agricultores y Ganaderos Vascos en Navarra (Euskal Herriko Nekazarien Elkartea Nafarroan) elkartea eratzea erabaki zen». 

Garai hartan, Sunbillako Mikel Petrirenak, Sartagudako Ricardo Gonzálezek, Etxalekuko Marcelo Belokik eta Arruizko Paco Astizek osatu zuten sindikatuaren lehen hazia. Elkartea eratu zenetik estatutuak behin betiko onartu arte, Iosu Izkue izan zen elkartearen ordezkaria eratze aldi horretan.

Ordutik hona, euri aunitz egin du, eta orain Kongresu berri baten aitzinean dago Nafarroako EHNE sindikatua, «non hurrengo lau urteetarako nekazaritza zein barne araudiaren gaineko txostenak onartuko diren. Nafarroako zonalde desberdinetan gure bazkideekin hainbat bilera erronda egin ondoren iritsi gara hitzordu honetara».

Bost mila baietz

Eskerrak eman nahi dizkiete Kongresu honetara aurkeztuko den Batzorde Exekutibo berrian, parte hartzeko urrats bat egin duten pertsona guztiei. «Izan ere, Nafarroako nekazaritzaren berehalako erronkei aurre egitea ez da eginkizun xamurra, besteak beste, NPB berri bati aurre egitea, non elikagai subirautzaren aurretik elikagai segurtasuna lehenesten den», diote.

Kongresu honen leloak, Bost mila baietz–Objetivo 5.000, Nafarroan EHNEren ustez behar dituzten nekazari eta abeltzain profesionalen kopuruari keinu edo aipamen bat egiten dio eta lotura egiten du azken Kongresuko leloarekin: Nekazaritza nekazarion esku. Bi lelo horien azpian dago EHNE-Nafarroak aldarrikatzen duen ideia: «gure lurraldean nekazaritza zein abeltzaintza ustiategietan zuzenean lan egiten duten pertsonek osatutako lehen sektore bat beharrezkoa dugu, lurrak eta abereak esku gutxi batzuetan pilatzeari aurre egingo dio nekazaritza eredu bat behar dugu. Zoritxarrez mundu mailan hauxe da hedatzen ari den nekazaritza. Zeregin honetan sindikatuek ez ezik, Administrazioak eta gizarteak ere bere egin behar dute erronka gure ustez. Honen gibelean kalitatezko elikadura dago jokoan, multinazional handien eta inbertsio funtsen esku ezin utzi duguna eta gure esku behar duena. Horretarako etorkizunean abeltzainak eta nekazariak behar ditugu gure lurraldean».

 

Belaunaldi aldaketa

Sektorearen inguruko arazo guztien jatorriari heldu behar diotela uste dute, hau da, «egiten ditugun produktuetarako prezio justuak aldarrikatzea. Hor dago, mende erdiz geroztik, nekazariek eta abeltzainek antolatutako garai hartako lehen mobilizazioetatik gaurdaino eskatzen den aldarria».

Kongresu honrtan sortuko de batzorde Exekutibo berriak belaunaldi aldaketa ere erakutsiko du, «eta hori garrantzitsua iruditzen zaigu, hizpide ditugun erronka berriei aurre egiteko. Pertsona horiek sindikatuaren ideiak defendatuko dituzte ordezkatuta gauden erakunde guztietan, Probintziala osatzen duten afiliatuek egiten duten bezala, bai eta Adierazpen Geografiko Babestuetan eta Jatorri Deituretan lanean ari direnak ere. Eginkizun horiek, Exekutiba bera bezain garrantzitsua edo garrantzitsuagoak dira».

EHNE-Nafarroa bezalako sindikatu bat pertsonen artean eraikitzen dela uste dute, «ezin gara Kixote moduko bat izan, Antso adiskidearekin batera haize errota erraldoien aurka borrokatzen dena, sofako agroinfluencer bat bezala, Whatsapp kolpez jarraibideak markatzen».

Kongresu horretan parte hartzera animatu nahi dituzte afiliatu guztiak, «Nafarroako nekazaritzak bizi duen une erabakigarriak hala merezi duelako». Era berean, itxiera ekitaldian,Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuak ere parte hartuko du, baita Nekazaritza Erakundeen Koordinakundeko (COAG), ELB Iparraldeko sindikatuko eta EHNE-Konfederazioko ordezkariek ere

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun