Maiatzaren 30ean, 11:00etan, bisitariei harrera egin eta bost herrietako kideak nahasiz taldeak osatuko dituzte. 11:30ean hasiko dira jolasean eta festa gune bakarrera mugatu beharrean, herrian barna zabaldu nahi izan dute. Bost gune sortu dituzte eta bakoitzean ekintza berezi bat egiteko aukera eskainiko dute. 13:30 aldera bukaera emanen diote jolasari eta orduan banatuko dituzte sormen eta logo lehiaketetako sariak. 14:00etan herriko plazan elkarrekin bazkaldu eta ondoren kalejira eginen dute, 16:00 aldera. 17:00etatik aurrera jolas kooperatiboak antolatu dituzte eta 18:00etan arratsaldekoa banatuko dute. Indarrak hartuta, musikaren erritmora dantzan aritzeko aukera izanen dute. Lehenbizi topaketetako dantza dantzatuko dute eta ondoren erromeria izango da. Eguna bukatzeko aresoarrek goizuetarrei emanen diete lekukoa.
Txartelak salgai
Bazkarirako txartelak Aresoko eskolan, Goizuetako Amaia Kafetegian, eta Leitzako Astiz eta Maimur liburu dendetan jarri dituzte salgai. Maiatzaren 24a izanen da azkeneko eguna. Helduek 14 euro eta haurrek 8 euro ordaindu beharko dituzte. Intolerantzia edo alergiaren bat dutenek aldez aurretik jakinarazi beharko dute aresokogurasoelkartea@hotmail.com helbidera idatzita. Goizuetatik autobusa ere jarriko dute eta aldez aurretik eman beharko dute izena Amaia Kafetegian.