Apirilaren 19an Arriben hasi zuen Mendialdeko Azoka Ibiltariak herriz herriko bidea eta maiatzaren 17an Lekunberrin eginen dute hurrengoa. Goizeko hamaiketan hasiko da azoka eta ordu biak arte, denetariko produktuak eskuratzeko aukera izanen da Lekunberriko alde zaharrean jarriko dituzte 30 bat postuetan. Mendialdeko artisauek elikagaiak eta artisautza lanak jarriko dituzte salgai: gazta, eztia, taloa, hestebeteak, haragia, ogia, arrautzak, egurra, zeramika, metala, ehungintza...
Tokiko produktu onenen erakusleihoa izan nahi du azokak. Modu jasangarrian eta arduratsuan ekoizten dituzte eta bertako lehengaiak erabiltzen dituzte.
Mendialdeko artisauen postuekin batera, hainbat lore eta landare erosteko aukera ere izanen da. Lekunberriko Lore eta Landare azoka ere egun berean antolatzea erabaki baitute.
Eguneko beste hitzordua latxa arrazako enkante ofiziala izanen da. Larraungo Udalak 2022tik sustatzen du ekitaldi hau ASLANA elkartearekin eta Lekunberriko Udalarekin elkarlanean. ASLANAren, Nafarroako ardi Latxa arrazako artzain elkartearen, laguntza tekniko eta profesionala izaten dute eta latxa arrazaren hobekuntza genetikoan espezializatuta dago. ASLANAk, ARDI proiektuaren bidez (POCTEFA funtsak), ebaluazio genomikoaren metodologia berritzailea txertatu du bere hautaketa-ereduan, eta horrek aurrerapausoak ekarriko ditu hobekuntza prozesuan eta lan egiteko moduan.
Hala, maiatzaren 17an, balio genetiko handiko ahariak jarriko dituzte enkantean, edozein abeltzainek eskuratu ahal izan ditzan. Horrela latxa arrazaren hobekuntza sektore osora eta gizartera zabaldu nahi dute.
Ekitaldia 10:00etan hasiko da Lekunberriko Herriko Plazan, enkantean jarriko diren ahari genomikoen erakusketarekin. Une horretatik aurrera, 12:00ak arte, enkantean parte hartzeko txartelak eskuratu ahal izanen dira.
12:30ean hasiko da enkantea, eta 13:00etan arkume errea dastatzeko aukera izanen da, Habelarte baserritarren elkartearen eskutik.