Hemeretzi herrik eta ia 500 pilotarik parte hartuko dute Nafarroako 56. Herriarteko pilota txapelketan

Ttipi-Ttapa 2026ko maiatzaren 15a

Nafarroako Herriarteko Pilota Txapelketa aurkeztu zuten ortzegunean Iruñean eta parte hartu duten herri gehienetako pilotariak bildu ziren, Andrea Lusarreta Nafarroako Pilota Federazioko presidentearekin batera.

Nafarroako Herriarteko Pilota Txapelketaren 56. edizioaren aurkezpena egin dute maiatzaren 14an Iruñean. Nafarroako Pilota Federazioko eta parte hartuko duten zenbait herrietako ordezkariak bertan izan ziren. Txapelketa txikian Baztan, Bera, Doneztebe, Goizueta, Leitza eta Lesaka izanen dira eskualdeko ordezkariak eta txapelketa handian Leitza bakarrik. Denera hemeretzi herrik eta 487 pilotarik hartuko dute parte, maiatzaren 23-24ko asteburutik aitzinera. Finalak uztailaren 4an jokatuko dituzte Iruñeko Labrit pilotalekuan.

Txapelketa txikian Baztan, Bera, Doneztebe, Goizueta, Leitza eta Lesaka izanen dira eskualdeko ordezkariak eta txapelketa handian Leitza bakarrik

Herriarteko txapelketa handian zortzi herri lehiatuko dira, bi multzotan banatuak. A multzoko buru izanen den Leitza da eskualdeko ordezkari bakarra. Multzo berean izanen ditu Ultzama, Larraun eta Barañain. B multzoko buru Lizarra izanen da eta Esteribar, Betelu eta Tafalla ere ariko dira.

Herriarteko txikiari dagokionez, hiru multzotan banatutako hemezortzi herri ariko dira. A multzoan Bera izanen da multzo buru eta Barañain, Altsasu, Leitza, Agoitz eta Atarrabia ere ariko dira. B multzoan Ultzama izanen da buru eta Esteribar, Arbizu, Baztan, Doneztebe eta Lesaka ere ariko dira. C multzoan, azkenik, Goizueta izanen da multzo buru eta Betelu, Oltza, Irurtzun, Larraun eta Lizarrarekin batera ariko da.

Andrea Lusarreta, Nafarroako Pilota Federazioko presidenteak aurkezpenean aipatu zuenez, «herriarteko pilota txapelketak ttikienei aukera ematen die pilotan jokatzeko eta belaunaldi berriei segida emateko baliagarria da. Konpetizioaz gain, herriz herri parte hartzea eta gure kirolaren nortasuna sustatzeko garrantzitsua da».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun