Oizko taldeak eta Doneztebe Titi agintzen hasiak dira Baztan-Errekako 46. Laxoa Txapelketan

Ttipi-Ttapa 2026ko maiatzaren 13a

2018ko txapelketako finala Oizko plazan. Aurten ere leku berean jokatuko dute abuztuaren 1ean eta herriko bi taldeak garaipenarekin hasi dute ibilbidea.

Laxoa Elkarteak antolatutako Baztan-Errekako Laxoa Txapelketaren berrogeita seigarren edizioa abiatu da asteburu honetan. Finala abuztuaren 1ean jokatuko da Oizen eta herri horretako bi taldeak gogotsu hasi dira etxeko finalaren bila. Lehen jardunaldiko partidak Oizen jokatzea egokitu zaie eta bietan garaile suertatu dira: Oiz A taldeak 9-4 irabazi zion Doneztebe Apeztegiari eta Oiz B taldeak 9-5 Irurita Migeleneri. Halere, txapelketako lehen liderra Doneztebe Titi taldea da, 9-3 irabazi baitzion Bear Zana plazan jokatutako partidan Arraioz Zubiondoa-Indakoa taldeari.

Etxean jokatu zituzten bi partidak nagusitasunez irabazi zituzten oiztarrek, Doneztebe Titik Bear Zanan jokatutakoa bezalaxe

Konpetitzeko sistemari dagokionez, denek denen aurka jokatuko dute, Round-Robin formatuan eta final bakarra izanen da aurten ere. Ligaxkako bi lehenbizikoak zuzenean sailkatuko dira finalerdiak jokatzeko, hirugarren eta seigarren postuen artean sailkatzen direnak final laurdenak jokatuko dituzte partida bakarrera (hirugarrena seigarrenaren kontra eta laugarrena borzgarrenaren kontra, ekainaren 27ko eta uztailaren 4ko asteburuetan). Finalerdiak uztailaren 11, 18 eta 25eko asteburuetan jokatuko dituzte eta finala, aipatu bezala, abuztuaren 1ean Oizen. Aipatzekoa da Iruritak bere etxeko partidak Arraiozen jokatuko dituela.

 

Taldeak

Arraioz Zubiondoa-Indakoa: Mikel Mindegia, Oskitz Karrikaburu, Urki Etxandi eta Aritz Alunda

Irurita Migelene: Xabi Barberena, Iñigo Dendarieta, Oinatz Jauntsarats eta Mikel Sagaseta.

Oiz A: Ioritz Zelaieta, Iker Bereau, Jon Oiarzabal eta Ugutz Zelaieta.

Oiz B: Xuban Ilarregi, Mikel Mikelarena, Zorion Zelaieta eta Markel Leatxe.

Doneztebe Apeztegia: Goio Mindegia, Jon Apeztegia, Asier Arozena eta Urko Oiarzabal.

Doneztebe Titi: David Mitxeo, Pio Garcia, Imanol de Rueda eta Eloy Garcia.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun