[ARGAZKIAK] Bidasoa Itzuliarekin txirrindulariz bete dira inguruko herriak asteburuan

Ttipi-Ttapa 2026ko maiatzaren 11

Ortziralean hasi eta igandean bukatu zuten Bidasoa Itzulia, eta tartean, eskualdean barna ibili ziren txirrindulariak. Bidasoaldeko txirrindularien sailkapenean, Mikel Arriet Atondo Elgorriaga etxalartarra izan zen bizkorrena eta Eneit Bertiz Apezetxea sunbildarra hirugarrena. 

Argazkiak: Oskar Blanco/Bidasoa Itzulia eta Unax Etxarte

Hondarribian hasi eta bukatu zuten lehenbiziko etapa, ortziralean. Eta larunbatean, txirrindulariek inguruko herrietan egin zituzten etapako kilometro gehienak. Arantzan egin zuten hitzordua, eta han aurkezpenak eginda, abiatu ziren txirrindulariak. 163 kilometro egin ondotik, Lizarietan izan zuten helmuga.

Igandeko etapak ere utzi zuen arrastoa eskualdean. Oiartzundik ailegatu ziren txirrindualriak Lesakara, Agiñan barna, eta Lesakatik Piedadeko gainean barna Igantzira joan ziren. Igantziko Bentetara jaitsi ondotik, Bera aldeko bidea hartu zuten, eta ondotik, Endarlatsatik Irunera joan ziren. 

Gainerakoan, sailkapen orokorrean, Luis Alberto Lajarin izan zen bizkorrena, eta Francisco Jesus Fernandez Marinek eta Marco Martin Cuevasek osatu zuten podiuma. Baina bertzelako sailkapenak ere izan ziren, eta Bidasoaldekoen artean, podiumeko hiru kosketako bi eskualdeko txirrindularientzat izan ziren: lehenbiziko postuan Zuia taldean ari den Mikel Arriet Atondo Elgorriaga etxalartarra gelditu zen, eta JRG taldeko Eneit Bertiz Apezetxea sunbildarra hirugarren. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun