Saldiasko Sagardo Pesta, beste horrelakorik ez da

Ttipi-Ttapa 2026ko maiatzaren 11

Hiru sari banatu zituzten tarta lehiaketan.

Testua: Markel Lizasoain. Argazkiak: Ahinitz Gerrikagoitia eta Maite Esparza.

Saldiasek bigarrenez egin du pesta bat sagarraren bueltan. Antolatzaileek gertu-gertu jarri zituzten goizean herriko sagardoak; aurten, tolare eta guzi. Kirikoketa zer den ikasi zuten ez zekitenek, eta muztiotan dastatu egindako lanaren ordaina. Gainera, Labaiengo Konkena etorri zen txerto kontuak erakustera, eta erakusgarri paratu lan hori egiteko dauden teknikak edo klaseak.

Eguerdi aldera etorri ziren Hernaniko Agirre anaiak, auskalo zeinek jarritako bertsoak kantatzera, Otañoren txepetxarenak barne: «Txotx batek aisa jasoko luke nola karga gutxi duan, bainan gustatzen zayo jartzia adar sendoxiaguan, amildu arren ez leike galdu dakiyelako heguan, bainan arkitzen baldin bada ere burnizko aldamiyuan, hiru-lau aldiz xanpatutzen du seguru ote daguan». Xalbador Etxarte igantziarraren bertsoak ere kantatu zituzten: «Nevadara nerama urriaren famak, hots haundiyakin dira, orain hango esanak, ikusiyak dirade hemengo izanak, ezer gutxi dakarra egiten den lanak, penakin uzten ditut familiko danak, barkatuko al didate aitak eta amak». «Nor naizen esan behar det Xalbador Etxarte, fameliya utzita noaiena aparte, beti izango zaiztet biyotzetik maite, ume onan legiak nahi nituzke bete, zuen amodiuak itzulazko naute, ez bada hala gertatzen, Josafata arte».

Egun osoa eta herri bazkaria Agerralde akordeoilariarekin bizitu zen; arratsaldean, dantza saio ederrak egin zituen jendeak.

Eguna sagar tarta lehiaketarekin akitu zen; forma eta egite guzietakoak azaldu ziren, bat bestea baino goxoagoak, eta denon laguntzarekin hustu ziren hango platerak, «borondatia ixtimatzen da, eskerrik asko, gaztiak».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun