Gizonezkoen lehiaketan zazpi talde ariko dira (Senpere, Bera, Ainhoa, Urdazubi, Sara, Etxalar eta Baztan) eta emakumezkoenean bortz (Etxalar, Bera, Ainhoa, Sara eta Zugarramurdi)
Mendialdeko Bote Luze Txapelketa abian da. Baztan, Bortziriak eta Xareta eskualdeetako herrien arteko lehia eta elkarlana uztartuko dituen ekimen honek euskal pilotaren joko zuzeneko modalitateak plazara ekarri nahi ditu, bereziki bote luzea, baina baita harekin lotura duten bertze joko historikoak ere.
Txapelketa Nafarroako Euskal Pilota Federazioak antolatu du, Laxoa Elkartearen eta Eskutik Kooperatibaren laguntzarekin. Ekimenaren bidez, antolatzaileek joko zuzeneko pilota plazak berreskuratu, herrietako plazak berriz ere pilotarako topagune bihurtu eta belaunaldi berriei euskal pilotaren ondare aberatsa hurbildu nahi diete.
Horrez gain, txapelketak aukera emanen du tresnekin jokatzen diren joko zuzenak ezagutarazteko. Hori dela eta, antolatzaileek asmoa dute txapelketaren inguruan laxoa, errebotea eta antzeko modalitateen erakustaldiren bat antolatzeko, herritarrek eta pilotazaleek joko zuzenaren aniztasuna bertatik bertara ezagutzeko aukera izan dezaten.
Izen-ematea dagoeneko itxita dago, eta parte hartuko duten taldeak zehaztuta daude. Gizonezkoen lehiaketan bi talde osatu dira: A taldean, Senpere, Bera, Ainhoa eta Urdazubi ariko dira; B taldean berriz, Sara, Etxalar eta Baztan. Talde bakoitzeko herriak elkarren aurka lehiatuko dira, eta lehen bi sailkatuek finalerdietarako txartela lortuko dute.
Emakumezkoen txapelketan talde bakarra izanen da, eta honako herri hauek ariko dira lehian: Etxalar, Bera, Ainhoa, Sara eta Zugarramurdi. Ligaxkaren ondotik, lehen bi sailkatuek finala jokatuko dute.
Txapelketak hainbat jardunaldi izanen ditu maiatzetik irailera bitartean. Lehen jardunaldia maiatzaren 15ean, 17:00etan, Urdazubin jokatuko da. Ondotik, partidak Erratzun, Etxalarren, Senperen, Beran eta Ainhoan izanen dira. Azken jardunaldia, final handia, irailaren 13an, 10:30ean, Saran jokatuko da.
Ligaxkako partidak 7 jokotara jokatuko dira. Partidaren 50. minutuan oraindik amaitu gabe badago, une horretan dagoen markagailua hartuko da kontuan. Final egunean eta final erdietan ordea, ez da denbora mugarik izanen.
Mendialdeko Bote Luze Txapelketa aukera paregabea izanen da herrietako plazak biziberritzeko, joko zuzenaren tradizioa berreskuratzeko eta eskualdeen arteko harremanak sendotzeko. Antolatzaileek herritarrak, pilotazaleak eta euskal pilotaren ondarean interesa duten guztiak animatu nahi dituzte jardunaldietara hurbiltzera eta giroaz gozatzera.