Emakume Master Cup Zirkuituko San Fermin pilota txapelketa aurkeztu dute

Ttipi-Ttapa 2026ko maiatzaren 8a

Emakume Master Cup zirkuituko San Fermin pilota txapelketan parte hartuko duten pilotarietako batzuk, antolatzaileekin eta Nafarroako Pilota Federazioko presidentearekin, Labriten egindako aurkezpenean.

Finalerdiak Donezteben jokatuko dituzte ekainaren 28an eta finala Labriten uztailaren 11n; Goiuri Zabaleta leitzarra eta Erasun iazko txapeldunak berriz elkarrekin ariko dira, Nahia Bertiz sunbildarrak Arrizabalaga izanen du lagun eta Alize Sagardui goizuetarrak Arrillaga

Nafarroako Irekia aho zapore bikainarekin bukatu berritan, Labrit izanen da berriz ere Emakume Master Cup zirkuituko pilotarien helmuga, maiatzaren 10ean Tafallan hasi eta San Fermin festen zurrunbiloaren erdian, uztailaren 11an Iruñeko pilotaleku historikoan bukatuko den torneoan. Lehen aldiz 2018an jokatu zen txapelketa hau pare bat jaialdirekin hasi bazen, udako torneo bezala, gaur egun, bere 7. edizioan, emakumeen egutegian erabat errotutako txapelketa bat da. Zortzi bikotek hartuko dute parte eta 16 jaialdi jokatuko dira. Finalerdiak Donezteben jokatuko dituzte lehen aldiz, ekainaren 28an, eta finala, Labriten, uztailaren 11an, ohi bezala, Euskal Telebistako kamerak testigu direla. 

 

Goiuri Zabaletak eta Erasunek iazko txapela defendatuko dute, Nahia Bertiz Arrizabalagarekin eta Alize Sagardui Arrillagarekin

Goiuri Zabaleta leitzarrak eta Erasunek, iazko txapeldunek, elkarrekin txapela defendatzeko aukera izango dute, baina ez dute lan errazik izango, maila ikaragarria baita aurtengo txapelketan. Leitzarra eta zizurkildarra A Taldean ariko dira, Aldai-Bergara, Arrizabalaga eta Nahia Bertiz sunbildarra eta Ruiz de Infante-Zabalarekin batera. B taldea, aldiz, Etxegarai-Gamindek, Salsamendi-Mendizabalek, Alize Sagardui goizuetarrak eta Arrillagak eta Ibarrola-Capellanek osatuko dute. Talde bakoitzean ligaxka bat jokatuko dute, denek denen aurka eta multzo bakoitzeko bi bikoterik onenek Doneztebeko finalerdietarako txartelak lortuko dituzte, bidean Aretxabaleta, Tafalla, Derio, Usurbil, Berriz, Eskoriatza, Galdakao, Aranguren, Arrigorriaga, Antsoain, Burlata eta Zizurkil bisitatuz.

 

Ilusioa eta zuhurtzia

Parte hartzaileen artean, bi dira nabarmentzen diren sentsazioak; Labriten jokatu ahal izatearen ilusioa alde batetik eta helmuga horretara iristeak izango duen zailtasuna bestetik. Denen nahi dute sanferminetan zuriz jantzita jokatzearen esperientzia bizi, baina jakitun dira aurretik bikote oso gogorrak utzi beharko dituztela kanpoan horretarako. 

Goiuri Zabaletak txapela defendatzeko aukera izango du Itsaso Erasunekin batera. «Iruditzen zait oso txapelketa polita dela datorkiguna baina, era berean, gogorra ere izango da, bikoteak oso orekatuak daudela iruditzen zait. Baina Itsaso eta ni mailaz eta jokoz oso ongi iristen garela iruditzen zait eta gogo askorekin hartzen dugu txapelketa. Gainera, iaz berekin txapela irabazteko aukera izan nuen eta, egia esan, kristoren ilusioa egiten dit berriz berekin txapelketa hau jokatzea eta espero sentsazio onak izatea eta Labriteko final preziatu horretara iristea. Azkenean, nik uste, denok dugula helburu bera eta, nafarra izanda, sanferminetan jokatzea ikaragarria izango zen, are gehiago, ikusita azkenaldian jendeak nola erantzuten duen, ba zirraragarria izango zen final hori bertan jokatzea. Baian horra iristeko lan handia egin beharra dago aurretik baina lana egiteko prest gaude eta ea zer moduz doazen gauzak», azaldu du leitzarrak. 

Sunbillako Nahia Bertiz gaztearen erranetan, berriz, «Aurtengo Sanfermin txapelketa gogorra aurreikusten dut, bikote hagitz gogorrak daude, partida lehiatuak izanen dira, parekatuak eta zaila izanen da garaipena eskuratzen. Baina txapelketa guztietan bezala, ilusioz hartuko dut, gogotsu eta dugun guztia emanen dugu kantxan garaipena eskuratzeko. Bertzalde, aipatzekoa da ere txapelketa luzea dela, beraz, nahiz eta egun txarren bat izan, aurrera jarraitzeko aukera dago. Aurten Olatz Arrizabalagarekin jokatzea egokitu zait eta ilusio handiz, berekin hagitz gustura jokatzen dut, konfiantza handia ematen dit eta dena emanen dugu finalera iritsi ahal izateko. Ni nafarra izanda, finala Labriten jokatzeak ilusio berezia egiten dit».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun