Berako Labiaga eta Sarako Olhain ikastolek bat egin dute Benta Beltzan

Ttipi-Ttapa 2026ko maiatzaren 7a

Berako Labiaga eta Sarako Olhain ikastoletako ikasle, irakasle eta gurasoak Benta Beltzan, joan den igandean.

Bazen denbora bat, nola Berako Labiaga Ikastolaren aldetik, hala Sarako Olhain Ikastolaren aldetik, zerbait elkarrekin egin beharra sentitzen zutela. Hori dela eta, maiatzaren 3an elkartu dira Benta Beltza, Ikastolon haria ez da eten goiburupean. «Elkartu gara iruditzen zaigulako gure antzinako belaunaldikoek, guk dugun baino harreman hurbilagoa zutela elkarrekin, eta Beratik Sararat edo Saratik Berarat aiseago mugitzen zirela, izan lanerako edo izan bestarako. Nolabait errateko ez zegoela batetik bertzera hainbertze distantzia. Orain ere bi herriak lehengo distantzia berera daude, mendiak ez dira handitu, baina jendea urrunago bezala dabil, eta gura aldean asetzen ditugu gure behar gehienak, eta ez dugu aunitzetan bertze alde horretan zer gertatzen den ere jakiten», diote oharrean.

Kezka horrek Benta Beltza inguruko larreetan bi ikastolak batzera ekarri ditu igande honetan, «hain justu ere bertan aziendak ibiltzen direlako, pentsatu ere egin gabe batean edo bertzean dabiltzan, Saran edo Beran, Beran edo Saran». Beraz, horrelatsu elkartu dira beratarrak eta saratarrak, bi ikastoletako haurrak. «gure harremanez pentsatzeko, eta hari batzuk berriz josten saiatzeko. Izan ere, hizkuntza bera darabilgu, bakoitzak gure maneran, eta auzo herriak izanagatik herri bat osatzen dugu gure artean».

Beraz, tragoren bat hartuz, eta elkarrekin solastatuz, elkar ezagutuz, elkarrekin jostatuz, «ea lortzen dugun berriro lehengo ildoari heltzea, eta Sara eta Bera, Olhain eta Labiaga, eta beratarrak eta saratarrak, elkarrengandik hurbiltzea».

Maiatzaren 3an egindako ekintza hau hasiera bertzerik ez dela jakinarazi dute, «haria ez dadin eten, elkarlanean eta auzolanean segituko dugu urratsez urrats, oraina eta etorkizuna euskaraz josten. Ilusioz Euskal Herria eraikitzen jarraituko dugu».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun