Sei talde lehiatuko dira asteburuan abiatuko den Baztan-Errekako 46. Laxoa Txapelketan

Ttipi-Ttapa 2026ko maiatzaren 7a

Joan den urteko laxoa txapelketako finala Doneztebeko Bear Zanan. Aurten Oizko plazan jokatuko dute finala abuztuaren 1ean.

Laxoa Elkarteak antolatutako Baztan-Errekako Laxoa Txapelketaren berrogeita seigarren edizioa maiatzaren 10ean abiatuko da. Hasiera batean zazpi talde aritzekoak baziren ere, lesio larriren baten ondorioz, azkenean sei plazaratuko dituzte (Doneztebeko bi, Oizko bi eta Arraioz eta Iruritako bana) eta finala eta hirugarren posturako partida abuztuaren 1ean jokatuko dituzte Oizen. Azken lau urteetan txapeldun izan den Doneztebe-The Moment taldeak ez du laukoterik plazaratuko aurten.

Azken lau urteetan txapeldun izan den Doneztebe The Moment ez da plazaratuko aurten eta finala abuztuaren 1ean jokatuko dute Oizen

Konpetitzeko sistemari dagokionez, denek denen aurka jokatuko dute, Round-Robin formatuan eta final bakarra izanen da aurten ere. Ligaxkako bi lehenbizikoak zuzenean sailkatuko dira finalerdiak jokatzeko, hirugarren eta seigarren postuen artean sailkatzen direnak final laurdenak jokatuko dituzte partida bakarrera (hirugarrena seigarrenaren kontra eta laugarrena borzgarrenaren kontra, ekainaren 27ko eta uztailaren 4ko asteburuetan). Finalerdiak uztailaren 11, 18 eta 25eko asteburuetan jokatuko dituzte eta final handia eta hirugarren posturako lehia abuztuaren 1ean Oizen. Aipatzekoa da Iruritak bere etxeko partidak Arraiozen jokatuko dituela.

 

Taldeak

  • Arraioz Zubiondoa-Indakoa: Mikel Mindegia, Oskitz Karrikaburu, Urki Etxandi eta Aritz Alunda
  • Irurita Migelene: Xabi Barberena, Iñigo Dendarieta, Oinatz Jauntsarats eta Mikel Sagaseta.
  • Oiz A: Ioritz Zelaieta, Iker Bereau, Jon Oiarzabal eta Ugutz Zelaieta.
  • Oiz B: Xuban Ilarregi, Mikel Mikelarena, Zorion Zelaieta eta Markel Leatxe.
  • Doneztebe Apeztegia: Goio Mindegia, Jon Apeztegia, Asier Arozena eta Urko Oiarzabal.
  • Doneztebe Titi: David Mitxeo, Pio Garcia, Imanol de Rueda eta Eloy Garcia.

Lehen jardunaldia asteburu honetan

  • Oiz B – Irurita Migelene
  • Doneztebe Titi – Arraioz Zubiondoa-Indakoa
  • Oiz A – Doneztebe Apeztegia

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun