Bortz bikote txapeldunek jokatuko dute azken edizioa eta tartean izanen dira eskualdeko hiru erremontista: Aritz Zubiri goizuetarra, Josetxo Ezkurra II.a doneztebarra eta Aritz Juanenea saldiastarra
Beraz, erremontista hauek osatuko dute aurtengo Erremontari Txapeldunen Txapelketa: Ansa II.a-Zubiri (Bereziartua sagardotegia ordezkatuko dute eta 2025eko Binakakoa irabazi zuten); Ezkurra II.a-Azpiroz (Aburuzua sagardotegia ordezkatuz eta 2024ko Binakako Txapelketa irabazi zuten); Segurola-Larrañaga (Petritegi sagardotegia ordezkatuko dute eta 2022ko Binakakoa irabazi zuten); Aldabe-Barrenetxea IV.a (Oialume Zar sagardotegia ordezkatuz 2025eko Erremontari Txapelketa irabazi zuten); eta Goikoetxea V.a-Juanenea (Alorrenea sagardotegia ordezkatuko dute eta 2025eko Banakakoa irabazi zuen Juaneneak).
Lehenengo fase bat izanen du txapelketak eta ondoren playoffa, finalaurrekoa eta finala. Maiatzaren 11n hasiko da txapelketa eta egun horretan emango dira ezagutzera bikote bakoitzaren kapitainak.
Bortz bikotez osaturiko txapelketaren lehen fase honetan, denek denen aurka jokatu beharko dute.
Bortz jardunaldi izango dituzten horretarako: Maiatzaren 11n, 18an eta 25ean eta ekainaren 1ean eta 8an jokatuko dira. Partida guztiak 18:00etatik aurrera jokatuko dira.
Partidak set edo joko formatuan jokatuko dira. 15 tantoko bi setek osatuko dute partida hasiera batean baina bikote bakoitzak set bana irabaziz gero, hirugarren set bat jokatuko da 8 tantora, partidaren bikote irabazlea zein den zehazteko.
Ligaxkako puntuazio sistema, ondorengoa izango da: Lehenengo bi setak irabazita (2-0) 4 puntu. Lehen setetako bat eta hirugarrena irabazita (2-1) 3 puntu. Lehen bi setetatik bat irabazita (1-2) puntu 1. Set bakarra irabazi gabe (0-2) 0 puntu. Lehen bi seten artean 15 tantora iristen ez dena (0-2) -1 puntu
Lehen postuan geratzen dena zuzenean finalera sailkatuko da. Bigarren postuan geratzen dena, finalaurrekora sailkatuko da.
Finala ekainaren 29an
Hirugarren eta laugarren postuetan geratzen diren bikoteek jokatuko dute playoffa. Playoffa ekainaren 15ean jokatuko da, 18:00etatik aurrera. Bosgarren bikotea txapelketatik kanpo geldituko da.
Bi bikoteen artean bada berdinketa, bien arteko partidaren irabazlea sailkatuko da. Hiru bikoteen arteko berdinketa ematen bada, hiruren arteko tanteoa hartuko da kontuan, bataz bestekoa kalkulatuz.
Ligaxkan bigarren postuan geratzen den bikoteak eta playoffa irabazi duen bikoteak jokatuko dute finalaurrea. Finalaurrekoa ekainaren 22an jokatuko da, 18:00etatik aurrera.
Ligaxkan lehen postuan geratzen den bikoteak eta finalaurrea irabazi duen bikoteak jokatuko dute finala. Finala ekainaren 29an jokatuko da, 18:00etatik aurrera.