Baztan-Bidasoaldeko sei txirrindularik parte hartuko dute Bidasoa Itzulian

Ttipi-Ttapa 2026ko maiatzaren 7a

Joan den astean Bidasoa Itzulia aurkezteko agerraldia egin zuten Irunen. Tartean dira Arantzako eta Etxalarko udal ordezkariak.

Ortzirale honetan hasiko da Bidasoa Itzuliaren 52. edizioa eta hiru etapa izanen ditu. Ortziralean, kronoigoera eginen dute Hondarribian; larunbatean, Arantza eta Lizarietako lepoa lotuko dituzte eta igandean, Hendaian hasi eta Irunen bukatuko dute, tartean Bortzirietatik pasatu ondotik. Xehetasun gehiago albiste barrenean. 

Eskualdeko parte hartzaileak

Joan den astean egin zuten itzuliaren aurkezpena Irunen, eta ekitaldian, antolatzaileekin batera, bertzeak bertze, Xatur Larralde Ibarrola Arantzako alkateak eta Leire Olagarai Goienetxe Etxalarko jarduneko alkateak parte hartu zuten. Orduan iragarri zuten txirrindularien artean Bidasoaldeko inoiz baino gehiago espero dituztela. Horien artean, guttienez sei eskualdekoak izanen dira.

  • 1. dortsala: Mikel Arriet Atondo Elgorriaga (Etxalar, Oreka IT).
  • 21. dortsala: Aitor Igoa Arretxea (Sunbilla, Finisher).
  • 152. dortsala: Mikel Lizasoain Etxebertz (Donamaria, Sima Cepial).
  • 162. dortsala: Oihan Apeztegia Martinez (Sunbilla, Hostal Latorre).
  • 163. dortsala: Unax Larraburu Hernandorena (Sunbilla, Hostal Latorre).
  • 201. dortsala: Eneit Bertiz Apezetxea (Sunbilla, JRG Coloma).
1. etapa: Hondarribia

Itzuliko lehenbiziko etapa Hondarribian hasi eta bukatuko da, Guadalupeko Kantina Zaharrean hasi eta begiratokiko bidegurutzean, Jaizkibelen. Lau kilometroko etapa izanen da.

2. etapa: Arantza-Lizarietako lepoa

Larunbateko etapa luzea izanen dute txirrindulariek. 163 kilometro egin beharko dituzte Arantzan hasi eta Lizarietako lepoan bukatzeko. Lau mendate puntuagarri gainditu beharko dituzte: Ziga, Belate, Orokieta eta Lizarieta.

Txirrindulariak Arantzatik Igantziko Bentetara joanen dira, eta handik Bera aldera. Zalain industrialdean buelta hartuta, Sunbillara abiatuko dira segidan. Doneztebe, Legasa, Narbarte, Oronoz-Mugairi, Arraioz, Lekaroz, Elizondo, Elbete, Arizkungo Ordoki eta Amaiur izanen dira zeharkatu beharko dituzten hurrengo tokiak. Amaiurren buelta hartuta, Elbetetik Elizondora joanen dira, eta Lekaroztik eta Iruritatik pasatuta, Zigako mendatea igo beharko dute. Handik Anizera eta ondotik, Berroetara eta Almandozera joanen dira. Belateko mendatea igo beharko dute segidan, eta Ultzama aldean ibili ondotik, Orokietatik Saldiasera ailegatuko dira. Beintza-Labaiendik Urrozera eta handik Doneztebera joan beharko dute Etxalar aldera hartzeko. Etxalarren barna, Usategietatik pasatuz, Lizarietako lepoan bukatuko da etapa.

Ordutegiari dagokionez, 12:00etan hasiko da Arantzan etapa, eta 16:00-16:30 aldera bukatu Lizarietan. Ordutegiari buruzko xehetasun guziak ikusteko, sartu lotura honetan

3. etapa: Hendaia-Irun

Hendaian hasiko da Bidasoa Itzuliko hirugarren eta azken etapa, igandean, eta Irunen bukatu. Baina tarte horretan, Guadalupeko santutegira igo ondotik, Arkale, Aritxulegi, Agiña, Piedade, San Martzial eta Erlaitz mendateetatik pasatu beharko dute. Eskualdeari erreparatuz, Oiartzundik ailegatuko dira Lesakara, Agiñan barna, eta Lesakatik Piedadeko gainean barna Igantzira joanen dira. Igantziko Bentetara jaitsi ondotik, Bera aldeko bidea hartuko dute, eta Endarlatsatik Irun aldera joanen dira. Etapa honek 107 kilometro izanen ditu eta eguerdi aldera ailegatuko da Lesakara. Ordutegiari buruzko xehetasun gehiago, lotura honetan

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun